Gaur egun Naiara Alberro, Maria Hernandez, Mertxe Rekondo, Asier Etxepeteleku, Andrea Elizalde eta Maite Marin dira zuzendaritza batzordeko kideak, baina ez dira herriko etxeko balkoira igoko diren bakarrak izanen: «Eguerdia baino lehenago goituko gara 25 bat bazkide eta ondotik luntx batera gonbidatuko gaitu udalak. Hortik aitzinera, espero dugu gure herriko bestez disfrutatzea».
Bestak bakoitzak bere modura
Hainbertze zerbitzu izanik, hain arlo ezberdinetakoak, bestak bizitzeko modua ere ezberdina izaten dute, «zerbitzu eta denda batzuk, aitzinetik aritzen gara batez ere lanean eta ostalariak, aldiz, egun horietan izaten dute lan gogorrena». Arlo ugarietakoak izan arren, badira urte osoan elkarrekin egiten dituzten ekintzak ere: «Urtero saiatzen gara bezeroaren fideltasuna saritzeko ekintzaren bat egiten. Zozketak, tonbola…aurten Ihes Gela bat antolatu genuen gure komertzioetan barna. Udaberrian Gurekin eguna, gure postuak paratuz, musika karrikak alaitzen eta plazan antzerki ikuskizun batekin. Urte bukaeran, eguberrietako azoka antolatuko dugu aurten ere».
Beti erran ohi da kontsumo ohiturak aldatzen ari direla, merkataritza gune handietan edo Internet bidez erosteko joera gero eta handiagoa dela… Elkarteko kideek diotenez, «erosteko ohiturak aldatu direla kontziente gara eta saiatzen gara, ahal dugun neurrian, gaur egungo modu berrietara egokitzen. Uste dugu kontzientzia eta ardura puntu bat baduela».
«Erosteko ohiturak aldatu direla kontziente gara eta saiatzen gara, ahal dugun neurrian, gaur egungo modu berrietara egokitzen»
Ardura horren erakusgarri, Gurekin Zerbitzuen Elkartearekin elkarlanean hirugarren sektorearen inguruko lanketa egiten ari da Lesakako Herriko Etxea, Hirugarren Sektoreko Mahaia ere elkartzen da: «Bai, bilera batzuk egin ditugu eta proiektu bat martxan paratu ere, udalarekin batera. Belaunaldi erreleboa, ekintzailetza eta bezeroengana hurbiltzeko tresnak sortzea izan ditugu helburu».
Zakozahar berdearen bila
Udaberri partean egin den Zakozahar Berdearen bila kanpainak ere ikusmina piztu du. «Lesakako Udalak ‘Fundación Emplea’ kontratatu du. Hirugarren sektoreko mahaian saio batzuk egin genituen, gure kezkak, beharrak, kontsumo motak eta Lesakak dituen beharrak aztertzeko arlo honetan. Beka moduko batzuk sortu dituzte eta Zakozahar Berdearen bila kanpaina, lan hau burutuko zuten hautagaiak lortzeko egin zen. Hari hori jarraituz, hiru gaztek (Izaro Iparragirre, Julia Artieda eta Ekaitz Bertiz) hagitz lan ikusgarria egin dute, proposamen errealekin. Bideoa ikusgai dago», aipatu digute. Herrian hamasei lokal huts ere identifikatu dituzte eta horietako hirutan negozio proposamenak egin dituzte. «Aitzinera eramateko modukoak direla uste dugu, nahiko modu errealean egin dute proposamena. Ea animatzen den norbait pausua ematera!», adierazi dute elkarteko kideek.
«Zerbitzuak mantentzeko bertan erosi eta kontsumitu behar da eta hori denon ardura da»
Lesakako hirugarren sektorearen etorkizunari buruz galdetuta, berriz, «denon esku dago etorkizuna» erantzun digute,«Lesaka bizirik mantendu nahi badugu, zerbitzuak izatea beharrezkoa da. Zerbitzuak mantentzeko bertan erosi eta kontsumitu behar da eta hori denon ardura da. Espero dugu gauden zerbitzuak mantentzea eta pertsona ekintzaileak gure herrian zerbitzu bat ematera ausartzea». Azken finean, herriko bezeroak izatea funtsezkoa da Gurekin Zerbitzuen Elkartearentzat, elkartearen muralak dioen bezala: Komertzio ttikia, zuk egiten duzu handi… «Noski, batak bertzearen beharra du», erran digute bukatzeko.