Urtetik urtera indartzen ari da Elkarrizan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 08:00

20 urteko ibilbidean, Beran eta Lesakan ederki errotu da Elkarrizan laguntza emaile taldea. Urteotan boluntarioen talde zabala bildu da eta denetariko jarduerak egiten dituzte. Batez ere zahar etxeetako egoiliarrekin egoten dira, baina bertzelako ekintzak ere egiten dituzte eta euren borondatez.

Batzuek ospitaleetara eta osasun zentroetara laguntzen diete; bertzeek etxeetan eta zahar etxeetan konpainia egitera joaten dira, kantatzera, erosketak egiten laguntzera edota egoiliarrekin paseoak, otorduak eta bertzelako ateraldiak egitera; jubiloteketara joateko garraioaz arduratzen dira bertze batzuk; badira alfabetatzeko eskolak ematen aritzen direnak ere edo bideo deiak egiten dituztenak... Borondatezko keinu ttikien zerrenda luzea dago Elkarrizan laguntza emaile taldeko kide bakoitzaren gibelean. Musu truk egiten dituzten keinu ttiki handiak dira.

Bi hamarkada bete ditu batez ere Beran eta Lesakan errotua den Elkarrizan taldeak. Berako Udalak ireki zuen bidea, herri mailan sumatuak zituen gizarteko beharrei erantzuteko asmoz. Hala hasi ziren Berako zahar etxeko egoiliarrei konpainia eginez.

Hasiera hartan, ordea, ez zuen esperotako segidarik izan, eta 2010-2011 aldera, parte hartzea ttikia zela ikusita, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen atea jo zuen Berako Udalak. «Boluntariotzari harroaldi bat emateko laguntza eskatu ziguten, eta boluntarioak biltzeko sentsibilizazio kanpainak egin genituen», kontatu du Jokin Apezetxea gizarte zerbitzuetako teknikariak. Bere fruitua eman zuen. Jendea animatu zen eta 2012an lesakarrak ere bildu ziren taldera. 

Geroztik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin elkarlanean ari dira, baina taldeak badu bere zuzendaritza: Mayte Sanz lehendakaria da, Marisol Taberna idazkaria, Alfonso Obeso koordinatzailea, Miren Josune Azurza diruzaina, eta Ramontxo Errandonea eta Iñaki Goienetxe bokalak. Hilabeteko bigarren astelehenetan biltzen dira gizarte zerbitzuetako teknikariarekin.

Iaz 2.910 ordu 

Euren denbora librea bertzeei lagunduz dedikatzen duten 47 boluntariok osatzen dute Elkarrizan, eta bide onetik doala dio Apezetxeak: «Boluntarioak gero eta gehiago dira eta borondatezko ordu kopurua ere urtetik urtera gehitzen ari da». Konparazio batera, joan den urtean 2.910 ordu egin zituzten borondatezko lan horietan –2022an 2.831 ordu–: 1.657 ordu Berako eta Lesakako zahar etxeetako egoiliarrak paseatuz; 481 ordu zahar etxeetan kantari; 213 ordu taldeko bileretan; 200 ordu ateraldietan eta otorduetan; 107 ordu etxeetara lagunduz; 89 ordu ospitaleetara lagunduz; 88 ordu alfabetatzeko eskolak emanez...

Boluntarioen profilari dagokionez, «batez ere jubilatutako jendea» da Apezetxearen arabera. Eta haiengan paratu du arreta: «Adin tarte horretan harrobi kozkorra dugu eta profil horretako jendea bildu nahi dugu Elkarrizanen». Argitu duenez, «boluntarioei asegurua egiten zaie, kilometrajeak ordaintzen zaizkie, formazioa ematen zaie eta gizarte zerbitzuekin segimendua egiten zaie». 

Ateak zabalik

Hasierako helburuei tiraka segitzen dute eta «zahar etxeetan ongi finkatu» ondotik, «etxeetan sartzea» dute orain erronka nagusia, «bakarrik daudenei konpainia egiteko». Batean ez bada bertzean aritzeko, Elkarrizaneko ateak zabalik daudela gaineratu du Apezetxeak eta nahi duenak Bortzirietako Gizarte Zerbitzuaren Mankomunitatera jotzen ahal du. 

Hortik haratago «halako keinu solidarioek eta altruistek sortzen duten ongizatea» nabarmendu du eta ongizate hori aldebikoa da bere hitzetan: «Zerbitzua hartzen dutenendako ona da, alaitasun handia delako euren eguneroko martxan. Baina borondatezko lan hori egiten duenarendako ere arras onuragarria da. Nahikoa da astean ordu bat edo bi hartzea eta norbaiti kuku egitea. Ea Bortzirietan kontzientzia sozial hori txertatzea lortzen dugun».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun