ELKARRIZAN

«Denok pixka bat eginen bagenu munduak hobeki funtzionatuko luke»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 12:00

Alfonso OBESO PEREZ DE CALLEJA, Elkarrizaneko koordinatzailea eta boluntarioa (Lesaka) 

«Ezin duzu imajinatu zer ematen didan Elkarrizanek. Ikaragarrizko satisfazioa da bertzeei laguntzea». Hitz horiexek erabili ditu Alfonso Obeso Perez de Calleja lesakarrak.

Bere aldetik eman zituen lehenbiziko pausoak, 2005ean, Lesakan Nagusilan sortuz. Bakarrik dauden adinekoei laguntzen dien boluntarioen taldea da Nagusilan, eta Obesok prentsan izan zuen horren berri: «Nagusilaneko ordezkari bati egindako elkarrizketa ikusi nuen, eta hurbiltzea pentsatu nuen. Segidan sartu nintzen, hasieran Iruñean eta gero, nire aldetik Lesakan». Bakarrik hasi zen bidea ereiten, eta agudo hiru izatera pasatu ziren. 2012 aldera, berriz, Elkarrizanen jo zuen atea: «Beran boluntario gehiago ziren eta Nagusilanen baja eman eta Elkarrizanen sartu nintzen. Gainera, batetik eta bertzetik boluntarioak eskatzen ari ginen, eta ez zuen zentzurik. Eta nola diren kontuak. Gaur egun, Nagusilanen bazkidetuak gara, eta Elkarrizan-Nagusilan gara».

Elkarrizaneko koordinatzailea da Obeso, baina horrez gain, Elkarrizanen bueltan «saltsa guzietako perrexila»: «Zahar etxekoak paseatzera joaten naiz, kantatzera ere bai, ospitalera laguntzen diet... Posible dudan guzietan parte hartzen dut». Ongi sentitzen baita horrela: «Pertsona bati zenbat laguntzen ahal diozun ohartzen zarenean, bihotza irekitzen zaizu, ikaragarria da. Denok ditugu milaka saltsa, baina astean behin edo bi edo hiru egunetik behin bertzeei tarte ttiki bat dedikatzen ahal diegu. Ez da deus kostatzen».

«Denok ditugu milaka saltsa, baina astean behin edo bi edo hiru egunetik behin bertzeei tarte ttiki bat dedikatzen ahal diegu»

Borondatezko «lan gehiena zahar etxeetan» egiten omen dute: «Ikusi egin behar da zer kontent jartzen diren, aunitz eskertzen dute». Baina etxeetan «laguntza behar duten aunitz» badirela gaineratu du, «jendeari kostatzen zaio etxeko atea irekitzea». Honela kontatu du: «Hiru urtez baserri batean adineko batekin egotera joaten nintzen, bere emazteak erosketak egiteko. Bizpahiru ordu pasatzen nituen. Pilotazalea zen eta egunkarian pilota kontuak irakurtzen nituen berarekin pilotaz solastatzeko. Baina batzuetan ez da solas aunitzik behar izaten». 

Urtez urte bertzeei lagunduz egiten ari den bidean, momentu hunkigarriak gordeak ditu: Batetik, «bularreko ebakuntza egin zioten bati ospitalean egindako konpainia» aipatu du: «Hainbat boluntariok txandak egin genituen eta ospitaletik atera arte, ez genuen bakarrik utzi. Gaur egun, ospitaleratuak daudenekin ordu batzuk pasatzen ditugu, baina gauez etxera bueltatzen gara». Badu bertze momentu bat ere bihotzean iltzatua: «Ikaragarria da pertsona baten bakardadea noraino ailegatzen ahal den ikustea. Behin, pertsona baten ehorzketan, bederatzi lagun bildu ginen, eta horietatik zortzi boluntarioak izan ginen». Hortaz, modu batera edo bertzera, elkartasun keinuak egitera «animatu» du jendea: «Bertzeei laguntzeko gehiago egiten ahal dugu; denok pixka bat gehiago eginen bagenu, munduak hobekiago funtzionatuko luke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun