ELKARRIZAN

«Bakarrik dauden horiei goxotasun pixka bat ematea da kontua»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 13:00

Mayte SANZ GANBOA, Elkarrizaneko lehendakaria eta boluntarioa (Bera)

Elkarrizan taldeko lehendakaria da Mayte Sanz Ganboa beratarra, eta ardurari erantzunez, paper tartean ibiltzea tokatzen zaio, bertzeak bertze, «boluntario bakoitzak zeregin bakoitzean pasatzen dituen orduak kontrolatzen eta taldeak antolatzen» aritzen baita. Baina horretaz aparte, borondatezko lan aunitz egiten duen horietakoa da.

Berako zahar etxekoak paseatzera ateratzen ditu, egoiliarrekin egiten dituzten ateraldietara eta otorduetara ere joaten da, etxeetara ere joan izan da laguntzera edo konpainia egitera... Eta egiten duena «gustura». Hori agerikoa da bere solasetan. «Duela zortzi urte» sartu zen Elkarrizanen eta taldeak «aunitz» ematen diola kontatu du: «Boluntarioen elkarteetan betiko esaldia izaten da ematen duzuna baino gehiago hartzen duzula bueltan. Baina horrela da, egia da». Jarduera horietan parte hartzea «laguntzeko modu polita» iruditzen zaio Sanzi:  «Batzuekin solas eginen duzu, eta bertzeekin ez, zuri begira egonen dira edo ez, baina denaz enteratzen dira eta izugarri eskertzen dute. Haien irriek, haien begiradek... Mila hitzek baino gehiago balio dute. Halaxe eskertzen dute».

«Haien irriek, haien begiradek... Mila hitzak baino gehiago balio dute»

Etxeko laguntza

«Bakar-bakarrik, inor gabe, zegoen emakumearekin urte aunitzez pasatutako denbora» ere ez du atzendua, bihotzean darama: «Adinekoa zen eta ez zuen inor. Bere etxera joaten hasi nintzen, eta nahi zuenean, kanpora joaten ginen: inguruko herrietara, paseatzera... Hagitz ongi pasatu nuen berarekin, eta berak ere bai. Azkenera arte berarekin egon nintzen, eta hunkigarria izan zen». Emakume hark ez zuen etxeko ateak zabaltzeko arazorik izan, baina «orokorrean, jendeak ez du etxeetara sartzea nahi», adierazi du Sanzek.  «Etxeko atea zabaltzea falta zaio jendeari».

Urteotan guziotan Elkarrizanen ibilbideari egindako aitortzak ere oroitu nahi izan ditu Sanzek: «2018an Onda Cero irratiak elkartasun saria eman zion Elkarrizan taldeari, gizarte kohesioari eta inklusioari dagokion aipamen berezia. Horrez gain, Berako eta Lesakako bestetan txupinazoa botatzeko aukera eman izan digute». Eta bide horretan, «boluntario guzien lana» eskertu nahi izan du, «gure artean hagitz giro ona dugula eta bertze familia ttiki bat garela» nabarmenduz. Jokin Apezetxea Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariaren lana ere «txalotu» du, «lan handia egiten duelako». Eta elkartetik kanpo dauden herritarrei begira jarri da, Elkarrizanen parte hartzera «animatzeko» adieraziz: «Jendeak zaila dela uste du, baina ez da hala. Bakarrik dauden horiei maitasun edo goxotasun pixka bat ematea da kontua, edo aditzea, ez da bertzerik».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun