ELKARRIZAN

«Bertzeei mesede egiteaz gain, norberari ere on egiten dio»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 09:00

Marisol TABERNA IRATZOKI, idazkaria eta boluntarioa (Bera)

Elkarrizanen sorreran parte hartu zuen Marisol Taberna Iratzoki beratarrak, Berako Udaleko zinegotzi zenean. 20 urte beranduago, berriz bueltatu da taldera, kasu honetan, boluntario izateko.

Kontatu duenez, Berako Udaleko zinegotzi zen garaian, «herri mailan gizarte gaiekin zerbait egin nahi izan genuen» eta mugitzen hasi ziren: «Herri mailan deialdi zabala egin genuen, eta jende dezente hurbildu zen, gehienbat emakumeak. Boluntarioen taldea sortu eta zahar etxera bisitak egitera joaten hasi ziren». Hala ere, gogoan du «ordurako bazirela, modu pertsonalean, zahar etxera konpainia egitera joaten zirenak». 20 urte beranduago, berriz Elkarrizanen dabil; ilbeltzetik boluntarioa da: «Berako zahar etxera kantatzera joaten naiz». 

«Ongi sentitzen naiz gizatasuna badela ikusita»

Elkartearen muina bertze manera batera ezagutzen ere ari da beratarra, otsailaz geroztik idazkaria baita. Elkarrizan «egoera onean» ikusten duela dio: «Azken urteotan dezente sendotu da eta boluntarioak gogotsu eta gauzak egiteko ilusioz sumatzen dira. Gainera, hasiera hartan zahar etxera joateko izena eman zutenak emakumeak izan ziren, baina gaur egun gizon eta emakume biltzen gara». Bera ere kontent dabil: «Adinekoengana hurbiltzeko manera bat da eta ez dut sentitzen laguntzen ari naizenik. Ongi sentitzen naiz gizatasuna badela ikusita, eta aldi berean, hagitz eskertua. Gainera, taldean hagitz giro ona dugu».

Zahar etxeetara bisitak, ospitalean edo etxean konpainia, jubilotekako garraioa, eskolak, egoiliarrekin otorduak... «Indibidualismotik atera» eta borondatezko keinu horien beharra agerian utzi nahi izan du. Eta bidenabar, Elkarrizanera «hurbiltzeko» dei egin du: «konpromiso ttikia da, ez da aunitz kostatzen, eta holako ekintzek bertzeei mesede egiteaz gain, norberari ere on egiten diote».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun