ELKARRIZAN

«Egoiliarrek eskertzen dute musika jotzera eta kantatzera joatea»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 11:00

Jaime ELGORRIAGA GAINZA, boluntarioa (bera)

Berako zahar etxera gitarrarekin kantatzera joateko gonbita egin ziotenean, baiezkoa eman zuen Jaime Elgorriaga Gainza beratarrak. Huraxe izan zen lehenbiziko pausoa, eta geroztik «zortzi-hamar urte» daramatza zahar etxeetako egoiliarrak bere doinuekin alaitzen. 

Beran hasi zen lehenbizi, «eta gaur egun, ortzegunero joaten gara. Gainera, hasieran ni bakarrik joaten nintzen, eta orain, hamar bat boluntario biltzen gara». Beranduxeago hasi zen Lesakako zahar etxean, dioenez, «pandemia baino pixka bat lehentxeago», eta «hamabortzean behin joaten gara. Lesakan ere beti norbait animatzen da». Aitortu duenez, «gustura» joaten da: «Haien garaiko kantak jotzen eta kantatzen ditugu eta ongi pasatzen dute». Egoiliarrek eskertzen dutela gaineratu du: «Txaloak jotzen dituzte eta kanpoan ikusten nautenean beti agurtzen naute».

Pandemia aitzinetik «Beran, boluntarioak eta egoiliarrak denak nahasiak» izaten zirela eta «harreman politagoa eta hurbilagoa» izaten zela ere aipatu du, «orain distantziarekin urruti eta diferente da». Baina horren gainetik halako ekintza ttikien garrantzia nabarmendu du: «Batzuetan neke pixka bat sentitzen ahal duzu, baina boluntario joaten den jendea gustura joaten da eta beharrezkoa iruditzen zait. Nik 80 urte ditut eta egunen batean zahar etxera joatea tokatzen bazait, aski kontent egonen nintzateke norbait kantatzera joanen balitz edo paseatzera aterako banindute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun