ELKARRIZAN

«Bakarrik daudenentzat inportantea da norbaitek aditzen diela ikustea»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 27a, 10:00

Mª Jesus MARIEZKURRENA ELIZALDE, boluntarioa (lesaka)

«Zahar etxe batean aritua naiz lanean, eta hango bakardadea ikusten nuen». Horregatik, eta «ni ere gustura sentitzen naizelako», hasi zen Maria Jesus Mariezkurrena Elizalde lesakarra Elkarrizanen bere aletxoa paratzen.

 Joan den urteko udan hasi zen, «jubilatu nintzenean», eta satisfazioa aldebikoa dela dio: «egoiliarrei gustura sentitzen laguntzen diogu, eta ni ere gustura sentitzen naiz eurekin». Bere kasuan, alde batetik, «asteazkenetan zahar etxera joan eta egoiliarrak paseatzera ateratzen ditugu, tarteka, herrian ikuskizunen bat baldin bada eta ateratzen ahal badira, harat ere eramaten ditugu».

Eta bertzetik, «astean behin emakume bat erosketak egitera eramaten dut. Ibiltzeko ezintasunak ditu eta erosketak egitera eraman, erosketak kotxean sartzen lagundu, etxera eraman, elkarri kontuak kontatu...». Horren harira, «aunitz eskertzen duela» gaineratu du: «Bertzela, bertze norbaitek egin beharko lizkioke erosketak, eta ez luke erosketak berak nahi bezala egiteko askatasunik izanen».

Bide batez, herritarrei begira jarri da eta «bertzeei denbora pixka bat eskaintzea hagitz ona» dela nabarmendu nahi izan du: «Denbora batean, bertzeei denbora dedikatzen genien, baina gaur egun ez dugu denborarik edo ez dugula erraten dugu, eta horrek bakardade handia sortzen du. Bakarrik daudenentzat hagitz inportantea da norbaitek aditzen diela ikustea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun