Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Zintzo

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 29a, 13:00

«Lurraren defentsan ari diren kideak alde batetik, eta Alemaniako 'transizio ekologikoaren polizia berdea' bertze aldean».

Etxalarko Haizeak Bizirik taldeak EH Bilduko Trantsizio Energetikorako idazkaria den Mikel Oterok (Argia, 24/05/12) sinatutako azken zutabeari erantzun dio idatzi honen bitartez.

Eta honela adierazi dute idatzian Haizea Bizirik taldeko kideek: «Bortzirietan eta Malerrekan indarkeria administratiboaren ekintza heldu da berriz. Bi haranetako plataforma herritarrok, baita udalak eta bizilagunok ere, mugimenduan segitzen dugu Zelena Renovablek, Vestasek eta Nafarroako Gobernuak ezarri nahi dituzten makroproiektu eolikoak behingoz gelditzeko». Gehiago ere bai: «Bitartean, eskala haundiko berriztagarri industrialen enpresen morroiek beren propaganda etengabearekin segitzen dute, geure buruak klixeekin blokeatzeko asmoarekin. Makroberriztagarrien fartsak ez dirudi amaierarik duenik».

Hona hemen idatzia osorik:

Makroberriztagarrien propaganda pieza bat gehiago jasan dugu Otero eta Bilduren eskutik, non betiko klixe berberekin aspertu gaituzten. PPk, EAJk, PSOEk eta talde «ekologista» deitzen diren horien klixe berberak dira. 

Ozen eta argi errateko, hasieratik: makroberriztagarri eolikoak eta fotovoltaikoak ez dira ez jasangarriak, ez berriztagarriak: ez dute funtzionatzen.

Behin eta berriz azaldu dugu, adibidez, hemen eta hemen, baita hemen ere.

  • Aunitzetan, inork behar ez duenean sortzen dute elektrizitatea, eta, bertzetik, gauean eta haizeak jotzen ez duenean, ekoizpena zero da. Batzuetan bakarrik datoz bat ekoizpena eta eskaria.
  • Soberakinak ezin dira kopuru garrantzitsuetan biltegiratu.
  • Eta batez ere: energia fosileko zentral elektrikoen % 100eko laguntza behar dute beti.
  • Kontuan hartu gabe, maila globalean, energia kolonialismoaren bertze alderdi bat direla makroberriztagarriak, lehengai kopuru itzelak behar dituztelako.

Industria berriztagarria eta industria fosila txanpon beraren bi aldeak dira. Elkarren beharra dute. Petrolioa eta gasa bukatzen direnean, makroberriztagarriak ere bukatuko dira.

Eskala haundiko berriztagarri industrialek, energia fosilek bezala, eskala handiko ingurumen hondamendiak eragiten dituzte: hasteko, ekoizteko lehengaia lortzen den herrialdeetan eta, ondotik, gure lur eremu emankorrak eta mendiak suntsitzen dituztenean. Gainera, CO2 kantitate handiak isurtzen dituzte eraikuntzan, beren ekoizpen bizitza laburrean eta desegitean (nahiz eta normalean beren kasa uzten dituzten, zabor postindustriala bezala, betiko). Ez dira inondik hondamendi ekologikoaren aurkako erantzuna, hau larriagotu egiten baitute. Makroberriztagarriak ezartzeko borondateak ez du deus zerikusirik klima aldaketarekin edo «CO2 murriztearekin»: gutxi batzuen onurarako negozio hutsa da, gu guztion kontura. Mikel Otero eta antzekoek, kapital handiaren saltzaile ibiltariak bezala egiten dute, katua erbiaren partez saldu nahian.

Kapitalismotik ateratzea da funtzionatuko duen gauza bakarra. Eta elite neofeudalak eta haien morroiak gure mendiak basoberritzera gonbidatzea. Espazio postkapitalista batean soilik ikusi ahal izanen dugu oraina, eta etorkizuna, non benetako irtenbideak, aspalditik hagitz ongi artikulatuak, ez diren zapalduko hazkunde ekonomikoaren grina autosuntsitzailearekin segituz.

Hau esanda, ikus dezagun Oterok zutabe honetan zertaz konbentzitu nahi gaituen. Hamaikagarren aldiz, Alemania paratu digu segitu beharreko adibide gisa. Baina herrialde hori hondamendi izugarri bat da, bertzerik ez, eta ikuskizun tamalgarria da bere sasitrantsizio ekologikoa. Oterok dio Alemanian elektrizitatearen % 60 ekoizten dutela makroberriztagarriekin. Baina hori manipulazio bat da, eta, batez ere, ez du inolako garrantzirik. Kontua da ekoiztutako elektrizitateak CO2 emisio tasa txikia duen ala ez. Eta, honi begira, nola doa Alemania?

  • 40 urte daramatzate «trantsizio ekologikoaren» abangoardian.
  • Herrialdea turbina eolikoz (ia 30.000) eta fotovoltaikoz bete dute.
  • Hala ere, Europako elektrizitate zikinenetarikoa ekoizten duen herrialdeetako bat da (Romero A, El inevitable ascenso de la energía atómica, La Jornada, 2023.12.01)
  • Eolikoek ez dutenez elektrizitatea eskaria dagoenean sortzen, eta Alemaniak bere zentral nuklearrak deskonektatu dituenez, orain ikatz zentralak aunitz erabili behar dituzte, horiek elektrizitatea sortzen baitute beharrezkoa denean.

Lignitoa, kalitate eskaseko eta hagitz kutsakorra den ikatza, Alemanian kantitate haundietan dago. Gaur egun, ez dute inongo erreparorik poligono eolikoak desegiteko, ikatz hobi berriak irekitzearren. Aldi berean, herriak eta basoak suntsitzen segitzen dute, biztanleen protestei kasurik egin gabe, eta karga polizialak barne, lignitozko aire zabaleko meatzaritza ezartzeko. Hau makroberriztagarrien txanpon beraren bertze aldea da.

Hori gutxi balitz, Alemaniak gas naturaleko 50 zentral berri eraikitzeko asmoa du. Alemanian aunitz sustatzen diren bero ponpak, gure Oterok soluzio «ekologiko» gisa izendatzen dituenak, batez ere jatorri fosileko elektrizitateaz hornitzen dira. Erran bezala, makroberriztagarriak nahi badituzu, energia fosilak erretzen segitu behar duzu, gas naturala edo ikatza izan.

Benetan, Mikel, hau da zure errezeta alemaniarra Euskal Herriarentzat? Agian, epe laburrean, istiluen aurkako polizia kargak erabiliz, «trantsizio ekologikoa», «bidezkoa», «ondo egina» eta, garrantzitsuena, «2030erako» lortzeko?

Alemaniako barne ministroak, Habek, zeroCO2TMren plana 2045era gibelatuko dela iragarri behar izan zuen. Hau da, «inoiz ez» egiteko, 20 urteren buruan inor ez baita «promesa» horretaz gogoratuko.

Bitartean, Alemania Europar Batasuneko elektrizitate inportatzaile haundiena ere bada, Poloniako ikatz jatorrikoa eta Frantziako energia nuklearrarena (ikus: Romero A.). Ezin du bere herria elektrizitatez hornitu. Alemaniak ekoizten duen elektrizitate «berriztagarri» gehiena ezin baitute aprobetxatu, eta ondorioz, atzerrian saldo prezioan salduz (baita ekoizpen prezioen azpitik salduz edota ordainduz) kanpora atera behar dute. Espainiako estatuan ere aspalditik in crescendo gertatzen ari da.

Eta gure egoera EAEn eta Nafarroan? Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) Iñigo Ansolaren arabera, elektrizitatea sortzeko gas naturalaren kontsumoak goiti egin behar du datozen urteetan, ez da jaitsiko. Hori saihestezina da, zenbat eta makroberriztagarri gehiago, laguntzeko orduan eta zentral fosil gehiago.

Beraz, «2030a baino lehen CO2 isuriak % 50era murrizteko» Mikelen aholkua fartsa hutsa da, gainerako hitzak bezala. Propaganda hutsa. Are gehiago, nazioartean, karbono zentral eta zentral nuklear berriak eraikitzeko boom berria hasi da, makroberriztagarriek ez dutelako funtzionatzen. Berriz ere: soluzio desesperatuak inora ez ailegatzeko.

Azken gogoeta bat: gure Otero «trantsizio ekologikoaren» inguruan hain kezkatuta badago, zergatik obsesio izugarri hori elektrizitatearekin?

Propaganda eolikoak gezurra dio «elektrizitate gehiago, fosil gutxiago eta CO2 gutxiago» ekuazioarekin. Hori gezurra da. Zenbat eta elektrizitate gehiago, orduan eta fuel-olio gehiago, ikatz gehiago, gas gehiago eta CO2 gehiago.

Euskal paisaia errotaz bete dezakezue, eta, hala eta guztiz ere, Aljeriako edo Errusiako gasaren eta Emirerrietako petrolioaren menpe segituko dugu. Eta gero eta CO2 gehiago isurtzen segituko dugu. Zuen «subiranotasun energetikoa» zuen propagandaren bertze klixe bat bertzerik ez da.

Nazioartean elikagaiak garraiatzeko sistema zentzugabeak mundu osoko CO2 emisioen % 20-37 isurtzen du, berotze klimatikoa gogor areagotuz (Toledo V, Zergatik kapitalismoak goseari eusten dio munduan, La Jornada. 2023. 12. 05). Hortaz, hain ekologista izanik, zergatik ez duzu borrokatzen elikagaien ekoizpena birlokalizatzeko? Laranjak Hegoafrikatik, kiwiak Zeelanda Berritik eta aratxe haragia Argentinatik ekartzea aberrazioa da, ziur ados zaudela. Kasu honetan ez lituzkete gure lurrak suntsitu behar turbina eolikoak sartzeko. Gure elikagaien industria babesteko legeekin nahikoa litzateke. Orain garrantzia duena lehen sektorea da, ez bigarrena.

Eta nekazari eta abeltzainek aunitz eskertuko dute!

Baina haiek ez dira kontuan hartzen, noski. Gu ere ez. 2030 Agendako zure senior partnerrek agintzen dizute «etxeko lanak», zintzo-zintzo, egiteko. Hau da, haien lan zikina egitea: gure lurren suntsiketa sustatzeko eta elikadura subiranotasunerantz aitzinera egitea eragozteko.

Matthias Krüger eta Irantzu Piquero

Haizeak Bizirik

Eskerrak Argiaren bertze orrialdean eta Uztarrian argi pixka bat aurkitu ahal izan genuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun