Hilabeteak daramatzagu honi buruz hitz egiten: nola eragiten dioten poligono eolikoek pertsonen eta animalien osasunari, enpresek eta gobernuek ezartzen dituzten lekuetan.
Zehatz-mehatz irakurri ahal izan zenuten hemen, hemen eta hemen.
Irlandan, judizialki hasi dira gauzak aldatzen (irakurri hau). Konpainia eolikoei mugak jartzen ari dira, bizilagunen protesta eta gaixotasunak ikusita; izan ere, inoiz lurreratzen ez den hegazkin batetik hurbil bizi direla sentitzen dutela diote biztanleok.
Eta berriz hurbilera itzuliz, Frantzian, kontu hau hondoa jotzen ari da (azkenik). 2024ko martxoaren hasierako dekretu baten arabera, Frantziako Estatu Kontseiluak ebatzi du lurreko makropoligono eolikoetarako baimenak eta lehendik zeudenak berritzeko araudiak legez kanpokoak direla (irakurri hau).
Dekretu horren bidez, agerian gelditu da makroberriztagarrien enpresek eta haien administrazio konplizeek behin eta berriz legea urratu dutela, zarata neurketak ez dituztela ingurumen ebaluazio iraunkorren mende jarri, eta zaratari buruzko protokoloak onartu dituztela, gai horiek jendearen parte hartzearen esku jarri gabe. Horrek erran nahi du, etengabe urratu dituztela euren legeak ingurumenari, parte hartze publikoaren printzipioei eta gardentasunari dagokienez.
Duela aste batzuk erantzun genion Mikel Irujori: Ez zaigu interesatzen haien «lurraldetasunari» eta «gardentasunari» buruzko «iritzia» aditzea. Gobernarien eta makroberriztagarrien enpresen arteko kabildeoa eta legeak sistematikoki ez betetzea prentsa orokorrean daude dagoeneko, eta, frantsesen kasuan ikusi bezala, Estatu Kontseiluetan. Denoi dagozkigun funts publikoak berriztagarri industrialen enpresen kutxetara bideratzen dituztela ere ofiziala da. Eta, zer gertatzen ari da orain hemen, proiektu suntsitzaile horiek «gardenak» eta «lurraldekoak» bihurtu dira bat-batean? Zein azpijokorekin ari dira politikariak eta enpresak, herritarrei informazio nahasgarria emanez eta hilabetetik batetik bertzera diskurtsoa erabat aldatuz?
Bitartean, apirilaren 15ean El Mundon argitaratutako artikulu bateko titularraren arabera (El desplome de la luz amenaza con quiebras al sector), estatu mailan, «analistek dagoeneko antzeman dute flota berriztagarri gaindimentsionatu bat, eskaria hirukoizten duena». Europako helburuak betetzeko ikusten duten irtenbide bakarra «kontsumoa bultzatzea da, eta hori ez da erraza».
Eta egunkari berean, urtarrilaren 8an argitaratutako beste artikulu batean, España quiere vender cinco más luz, pero ¿a quién? izenekoan, «Espainia Europako bateria bihurtzeko plana»-z hitz egin zuten argi eta ozenki, eta agerian gelditu da bost aldiz elektrizitate makroberriztagarri gehiago ekoizteko asmo burugabea, nahiz eta ez dakiten nori saldu, inork ez duelako behar.
Kontua da betiko eskuinak ez duela inolako arazorik gure lurrak suntsitzeko eta gure lurraldeak energia kolonia bihurtzeko dituen plan suntsitzaileez hitz egiteko; ezkerrak (ezker abertzalea barne), berriz, makroberriztagarrien fartsa kolore «berdez», «jasangarriz» eta «justiziaz» margotzen du.
Bortzirietako eta Malerrekako eta bertako mendietako eta basoetako bizilagunok, beste ehunka haran eta herrirekin, landa lurraldearen industrializazioa erabat etetea eskatzen dugu, hau baita datozen aldaketa garaietarako itxaropen bakarra: zuhaitz bakoitza, belardi bakoitza, beharrezkoa da (irakurri hau).
Era berean, administrazioaren indarkeria eta ingurumenaren, lurraren eta biztanleen aurkako etengabeko eraso hau berehala amaitu behar da.
Irujok, Otxandianotarrek, Oterok, Aierdiak, Tapiak, Riberak eta beren talde ekologista faltsuek pentsatu behar duten proiektu bakarra honako hau da: dauden errotak nola erauzi. Eta, amaitzeko, figura hauentzako gure aholkurik gogokoena: Utz diezaiotela klixe proeoliko infantilizatzaileak zabaltzeari eta industria berriztagarrien enpresen balakari izateari eta ofizioz alda dezatela. Denak basoberritzera.
Aski da herritarren aurkako administrazioaren indarkeria honekin guztiarekin.
Geldi dezagun makroberriztagarrien fartsa.
Haizeak Bizirik.