Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Ez jasangarriak, ez berriztagarriak. Makropoligono eolikoak kanpora!

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 30a, 14:00

Makroproiektu eolikoen gaiarekin kezkatuta mintzo dira Etxalarko Irantzu Piquero eta Matthias Krüger iritzi artikulu honetan. Halako proiektuek dituzten eragin kaltegarriez aritu dira. Euren hitzetan, «ez dira jasangarriak, ez berriztagarriak. Aerosorgailuen instalazioa ez da 'parke' bat. Landa eremua bueltarik gabe suntsitzen duen makropoligono industrial erraldoi bat da». Helbide elektronikoaren berri ere eman dute: eolikarikez@mailbox.org.

  • Aerosorgailuen instalazioa ez da «parke» bat. Landa eremua bueltarik gabe suntsitzen duen makropoligono industrial erraldoi bat da.
  • Poligono eolikoak iruzurra dira. Euren irabaziak Nafarroako Gobernutik eta Europatik heldu diren dirulaguntzetatik heltzen dira. Gure zergekin ordaindutakoak dira. Dirulaguntzak bukatzen direnean, jasangaitzak bihurtzen dira eta enpresek utzi egiten dituzte
  • Poligono eolikoak gure subiranotasunaren aurkako erasoa dira. Gure mendiak, soroak eta basoak desjabetu, industrializatu eta aberastasuna bertze leku batera eramaten dute. Gobernuekin egiten dituzten kudeaketak gure bizkar egiten dituzte, eta gure energia beharrak planifikatu, kudeatu eta kontrolatzeko gaitasuna kentzen digute.
  • Poligono eolikoek eritu egiten gaituzte. Infrasoinuen, bibrazioen, soinuen eta bertzelako erradiazioen bitartez, osasunean kalte larriak eragiten dituzte: insomnioa, antsietatea, migrainak, soinu (pitido) kronikoak, hipertentsioa, takikardiak eta palpitazioak.
  • Poligono eolikoek kalte larria egiten diete faunari eta florari. Hegazti migratzaileak desagerrarazten dituzte. Haien ibilbideak arriskuan paratzen dituzten, espezie aunitzi kalte eginez. Eolikoen hegalak biratzerakoan, bortizki kolpatuta hegaztiak hiltzen dituzte, baita milaka saguzar ere. Zizareak desagertu egiten dira eta horrek ondorio latzak eragin ditzake lurrean. Lurra gogortu eta ugalkortasuna galtzen dute. Tonaka eta tonaka intsektu xehatzen dituzte, erleak barne. Sortzen duten haizeak lurra idortzen du. Azienda jatekorik gabe gelditzen da, eta euren jokabidea aldarazten du, baita eritu ere. Ehiza ere arrunt murriztuko da aldaera guztietan.
  • Poligono eolikoek gure ura kentzen digute. Azkua bezalako lekuak ez dira gure eguneroko paisaia bakarrik, herri gisa dugun nortasunaren parte ere badira. Adibidez, Etxalarko ur hornidura neurri haundi batean paraje horretan dauden iturburuetatik ailegatzen da. Errota baten oinarria eraikitzeko, mendia sakonera handian zulatu eta zementu eta altzairu kantitate izugarriekin bete behar da. Horrek gure iturburuak eta euren bidea alda ditzake. Gainera, eraikuntzan erabiltzen dituzten produktu toxikoek gure seme-alabek eta gure aziendek edaten duten ura kutsatzen ahal dute.
  • Poligono eolikoek gure lurra ebasten digute. Herriari aberastasuna ekarriko diola erraten dute, baina hori bertze iruzur bat da. Herriak pobretzen dituzte. Espainiako enpresek eta multinazionalek bakarrik aterako dituzte onurak, euren konplizeen eta politikarien alde (berdin du zein alderditakoak).
  • Poligono eolikoek pobretu egiten gaituzte eta landa eremua hustu egiten dute. Gure etxeen, lurren, pisuen eta baserrien balioa gainbeheran paratzen dute, ezin saldu bihurtzeraino. Ekonomikoki lur jota uzten gaituzte eta gure seme-alabak ere bai.   
  • Poligono eolikoek landa turismoa uxatzen dute. Bisitariek gure paraje eder eta basatien edertasuna nahi dute, lasaitasuna nahi dute. Ez dira haize errotak ikustera etortzen, ezta haien soinua aditzera ere. Mendiko kirol eta jarduerak bertze herri batzuetara joanen dira. 
  • Poligono eolikoek sute arriskua haunditzen dute. Turbinak erre daitezke. Suhiltzaileen helikopteroek ezin izaten dute toki horietara hurbildu, haize erroten hegalek jotzeko arriskua dagoelako.
  • Poligono eolikoak ez dira ez berriztagarriak, ez berdeak. Turbina bat eta behar den azpiegitura guztia eraikitzeko eta muntatzeko lehengai aunitz erabiltzen dituzte: energia fosilak, altzairua, kobrea kableetarako, zementua, ateratzeko zailak eta garestiak diren mineralak, urrutitik ekarri eta garraitu behar direnak. Euren meategietan aunitzetan haurrek esklabo aritzen dira lanean. Euren lurrak desertu bihurtzen dira. Bi megawatteko sorgailu bat eraikitzeko behar den altzairua eta zementua sortzeko 150 tona ikatz erre behar dira. Produkzioan gastatzen duten energia sortzeko urteak eta urteak behar dira. Industria hau sortu zutenetik, instalazioen helburua ez da sekula energia berriztagarria sortzea izan. Helburua gutti batzuentzako dirua sortzea eta funts publikoak enpresa pribatuetara bideratzea izan da.
  • Poligono eolikoek mendiak suntsitzen dituzte. Poligono eolikoak egiteko oihan eremu zabalak suntsitu behar dira (CO2 atmosferikoaren xurgatze iturria), eta ehunka urte dituzten arbolak suntsitu behar dira, gure kultura eta paisaia ondarearen zati direnak, eta ia autobidea adinako pista zabalak egin behar dira. Garraioan eta muntaketan ere energia fosil aunitz kontsumitzen dute.
  • Poligono eolikoek kudeatzea zaila den energia sortzen dute, aunitzetan behar ez denean, denbora partzialean bakarrik eta beti gasa bezalako energia fosilekin konbinatu behar da. Haizearen energiak denboraren laurdenean bakarrik sortzen du energia, batzuetan bakarrik egiten duelako haizea. Turbinek gainerako denbora tartean energia fosilak edo elektrikoa gastatzen segitzen dute, funtzionatzen segitzeko.
  • Alemanian haize energiari «keinu korrontea» deitzen diote, aldizkako energia delako, ezin da metatu eta ez da fidagarria. Herrialde horretan, adibidez, urtero energia eolikoaren ia erdia bota behar izaten dute, momentu desegokietan eta kopuru desegokietan sortzen delako. Energia hori ezin dute ezta oparitu ere egin: bertze herrialde batzuei ordaindu behar diete eraman dezaten.
  • Poligono eolikoek ez dute energia independentziarik ematen. Inbaditzen eta kolonizatzen gaituzten Espainiako enpresa pribatuen eta multinazionalen mendekotasuna areagotzen dute. Elektrizitatearen prezioa garestituko da.
  • Aerosorgailuak erabili eta botatzekoak dira. Ez dira «energia garbia». Neurri handiko hondakin toxikoa da, eta ezin da birziklatu. Bana bertze 15-20 urteren buruan, turbina horiek gastatuta daude. Erabilgarri ez diren hegalak ezin dira birziklatu. Zabortegi handietan lurperatzen dituzte, eta horrek ingurumenean eragina sortzen du betiko. Logistika horrek energia fosilen gastu haundia eragiten duela atzendu gabe. Gehienetan errotak abandonatuak gelditzen dira. AEBetan, 80ko hamarkadan energia suntsitzaile honetan aitzindariak izan ziren. Bada 2012an ia 14.000 errota abandonatuak zeuden, haize-leku «optimoak» diren tokietan.
  • Poligono eolikoak tranpa bat dira. Lana sortzen dutela erraten digute, baina ez da egia. Langabezia eta landa eremuan despopulazioa eragiten dute. Edozein moduz, edozein gauzak, kaltegarrienak izanda ere, enplegua sortzen du: drogak, minbiziak, tsunamiek. Zerbait lehertzen bada, sutea baldin bada, lana sortzen da. Horregatik da positiboa? Aberastasuna handitzen du? «Lana sortzen dutela» erratea ez da meritua, egiazko argudiorik ez izatearen erakusle da. Gainera, eraikitzean sortzen duten lana gutti eta aldi baterako da, eta hori, guztion bizitzen eta osasunaren kontura egiten dute.
  • Ez dute CO2ren emisioa murrizten eta berotze globala eragiten dute. Krisi energetikoari erantzuteko bidea direla saltzen digute, baina arazoaren parte dira; 5Ga, kotxe elektrikoa eta etengabeko gerrak bezala. Kapitalismoa ez da bateragarria planetako bizitzarekin. Nahitaezkoa da paradigma aldatzea eta herrialde aberatsetan energia eta baliabide naturalen kontsumoa masiboki murriztea. Eta hori nola egin erabakitzea gure esku egon behar du.

Poligono eolikorik ez, ez Euskal Herrian, ez bertze inon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun