Leire Paz Leiza

«Eolikoak, argindar lineak eta pozoiak dira miru gorrien arrisku nagusiak»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 6a, 08:00

Ikasketaz eta lanbidez biologoa da Leire Paz Leiza. Ttikitatik erakarri izan du naturak eta gaur egun ere horixe du pasio eta ofizio. Gorosti elkarteko boluntarioa eta bazkidea da.

Leire PAZ LEIZA, Gorosti natur zientzia elkarteko boluntarioa

Bertze hainbat boluntariorekin batera, Gorosti elkarteak Nafarroan egiten duen miru gorrien erroldan parte hartzen du aranztarrak. Babestutako espezie honi buruzko hainbat jakingarri kontatu ditu.

Nafarroa osoko 24 herritan 2.000 miru gorrik baino gehiagok pasatu dute aurtengo negua, eta horien tartean hamarretik hiruk gure eskualdean bilatu du lotokia. Halaxe ageri da Gorosti natur zientzia elkarteak egindako kontaketan. 1992-1993 denboraldian hasi ziren Gorostikoak miruari buruzko datuak biltzen, eta 2000. urtean eman zioten segida. Geroztik urtero egiten dute informazio bilketa ehun basozain eta boluntario baino gehiagoko lantaldeari esker. Europa mailako ikerketa izaten da, urte hasieran egun jakin batean modu koordinatuan egiten dutena. Tartean ibiltzen da Leire Paz Leiza aranztarra boluntario. Ikasketaz eta lanbidez biologoa da eta 2018an hasi zen Arantzako Bordalarrea auzoan miru gorrien zenbaketa egiten. Hala ere, ez da boluntarioen eta basozainen zerrendan ageri den eskualdeko bakarra, badira gehiago. Gorostiren arabera, ez omen dago Europan «miru gorriaren halako jarraipen zehatzik egiten duen bertze talderik». Berotasunaren babesera, Europatik etortzen dira miru gorriak gurera neguan, nahiz eta bakan batzuk urte osoa hemen pasatzen duten. Babestutako espezie horri buruz gehiago ikasi nahi izan du TTIPI-TTAPAk.

Zer kontatuko zeniguke miru gorriari buruz?

Harrapari bat da, zapelatzaren neurrikoa. Hagitz erraz bereizten da, bere buztanak v forma duelakoz. Migratzailea da eta guregana gehienbat negua pasatzera etortzen da Europatik. Hegan egiterakoan kometen gisara mugitzen da, haizea probestuz, beheiti begira, zerbaiten bila. Miru gorriaz gain, hemen miru beltza ere badugu, forma iguala du baina ilunagoa da eta negua Afrika aldean pasatzen du. Honat udaberri-udan etortzen da.  

Gorosti elkarteak egiten duen miru gorrien erroldan parte hartzen duzu. Nolatan hasi zinen? 

2018an, abendu aldera, baserriaren azpiko aldeko arbolatan, miru gorri pila biltzen hasi zirela konturatu nintzen; 25 bat kontatu nituen. Banekien Gorosti elkarteak Nafarroako errolda koordinatzen duela eta espezie babestua dela, eta abisua eman nien. Koordinatzaileak ez zuen Arantzako lotokien berririk, eta urteroko erroldan parte hartzeko gonbita egin zidan. Metodologia pasatu zidan, eta horrela hasi nintzen. Geroztik urtero egin dut.

«Errolda urteko bigarren edo hirugarren larunbatean egiten da. Europa mailan koordinatutako errolda izaten da»

Zer egiten duzue? 

Urteko bigarren edo hirugarren larunbatean egiten da. Europa mailan koordinatutako errolda izaten da, hau da, Europa guzian denok momentu berean kontatzen ditugu miru gorriak. Horrela kalkulatzen da Europako populazioa. 

Zergatik garai horretan?

Miru gorriek badute berezitasun bat: neguan elkarrengana biltzen dira gaua pasatzera. Ugalketa garaian, bikoteka sakabanatu egiten dira eta hala daudenean kontatzea konplikatua da. Neguan, ordea, gaua pasatzeko biltzen direnez, aunitzez errazagoa da kontatzea eta horregatik egiten da garai horretan. 

Leire Paz Leiza prismatikoekin miru gorriak izaten diren aldera begira.

Nolako lana izaten da?

Lo arbolatan egiten dute, adarretan jartzen dira. Ilunabarrean hasten dira bat-banaka etortzen eta arbolatan biltzen eta momentu horretan zenbatzen ditugu. Toki batzuetan, urtero arbola beretara joaten dira miru gorriak; Arantzan, ordea, egun batean hemengo arbolatan sartzen dira, hurrengoan ondokoetan… Hortaz, errolda egiteko eguna ailegatu baino aste batzuk lehenagotik miruak non sartzen diren begira hasten naiz. Behaketa egunean 16:00 aldera jartzen gara boluntarioak, prismatikoekin edo teleskopioarekin, bakoitza bere lotokiari begira eta ilundu arte hor egoten gara heldu diren miru gorri guziak kontatzen. Bizpahiru orduko kontua izaten da, garai horretan segidan iluntzen baitu. Lan polita da eta ez da batere zaila. Hortaz, norbaitek miru gorrien bertze lotokirik ikusiko balu, eskertuko genuke abisatzea, edo dagoeneko ezagutzen diren lotokiren bateko erroldan parte hartu nahiko balu, ongietorria izanen da boluntarioen taldera.  

«Hemengo eskualdean edozein arbolak balio die lotoki izateko»

Nolakoak dira hemengo lotokiak?

Edozein arbolak balio die: gaztaina, haritza, pinua, pagoa... Nafarroako hegoalderagoko eskualdeetan, makalak bilatzen dituzte, baina han paisaia bertzelakoa da, ez dute hemengo basoen azalerarik, eta igual horregatik, dauden arbolatan kontzentratzen dira. Errolda egunean miruak zenbatzeaz gain, zein arbolatan bildu diren idatzi behar dugu, bertze espezierik biltzen den (beleak ere batzuetan miruen lotokira sartzen dira), eguraldia, tenperatura eta horrelako datuak ere hartzen ditugu.

Zuk Arantzan kontatzen dituzu...

Bai. Aurten 30 bat kontatu ditut, eta urtero 25-40ren bueltan ibili izan naiz, eta hori Arantzako Bordalarrea auzoko lotokian bakarrik. Orain dela bizpahiru urte, errolda eguna baino lehenagotik non biltzen ari ziren begira hasi nintzen, eta egun batzuk falta zirenean desagertu zirela konturatu nintzen. Badira GPSarekin markatutako miruak, eta horren bidez Sunbillan puntu bat ageri zela ikusi nuen. Ordura arte ez zen deus kontrolatua Sunbillan. Harat hurbildu nintzen, eta miruak Sunbillako lurretan zeuden, baina Arantzako mugatik hurbil. Haizearengatik edo ez dakit zergatik egun horietan Arantzako miruak Sunbilla aldera pasatu ziren. Urte hartan errolda Sunbillatik egin nuen eta 60tik goiti zenbatu nituen. 

Negua pasatzera nondik heldu dira?

Orokorrean Europatik. Batzuk habian zeudenean GPSarekin markatuak dira eta aurten Nafarroan markatutako 59 miru gorri kontatu dituzte. Horietatik 26 Alemaniatik etorritakoak izan dira, hamabortz estatu espainiarretik, lau Danimarkatik, bertze lau Frantziatik, hiru Belgikatik, bina Suediatik, Luxenburgotik eta Suitzatik eta bat Herbehereetatik. Markatuak izateak informazio aunitz ematen du, eta horri esker, batzuk gaua pasatzera beti toki berera etortzen direla ikusi dugu. Bertze batzuk gau bat hemen eta hurrengoa han pasatzen dute, gero bertze toki batean. Egunez egiten dituzten mugimenduak ere ikusten ahal dira GPSarekin.

Bueltan noiz abiatzen dira?

Urri-azaro aldera hasi ziren etortzen, eta otsailean bueltan abiatuak ziren. Baina hori urtearen araberakoa da. Aldaketa klimatikoarekin ere hori aldatuz joanen da.

Bada urte osoan hemen gelditzen denik? 

Bai, bikote bakan batzuk hemen gelditzen dira. Arantza aldean, adibidez, badakit bikote bat umatzen dela, baina gehiago ere izanen dira.

«Miru gorria zerrenda gorri guzietan ageri da»

Europako zatirik handienean  miru gorriaren populazioa beheiti doala ohartarazi izan du Gorosti elkarteak. Kezkatzekoa da?

Bai, arrisku mailarik altuenean dago. Miru gorria zerrenda gorri guzietan ageri da: Europa mailan babestua da eta Nafarroako eta Estatuko Espezie Mehatxatuen Katalogoetan sartua da. 

Lehengo kopuruak berreskuratzeko aukerarik ikusten duzu?

Zaila da. Duela urte batzuk arazo handiena ehiza eta pozoia ziren eta Europa mailan espezie honen gainbehera hagitz handia sumatu zen. Gaur egun, iduri du ehizak ez duela hainbertzeko arriskurik sortzen, eta pozoiak, nahiz eta kontrolatuagoa izan, oraindik ere badu bere eragina. Hala ere, bertzelako arriskuak agertu dira: eolikoak eta argindarren lineak dira miruen mehatxurik handienak.

Miru gorrien bereizgarrietako bat 'v' formako bere buztana izaten da. Argazkia: Noel Reynolds.

Nafarroan zentral eolikoek 8.900 hegazti baino gehiago hil dituztela jakinarazi du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Zer erranen zenuke?

Eolikoek hainbat ondorio dituzte, eta horietako bat ingurumenean duten eragina da. Faunari begiratuz gero, kaltetuenak hegaztiak eta gauenarak dira. Urrutira ikusita jendeak pentsatzen ahal du eolikoak ez direla horren agudo mugitzen eta ez dela halako ondoriorik izanen, baina hegazti eta gauenara aunitz hiltzen dituzte. Hemen arrano erraten diegun sai horietako aunitz ere erortzen dira eta hauek ere espezie babestuak dira. Hegazti espezie aunitzek gauez migratzen dute eta hor ez dakigu zer gertatzen den. Horrez gain, gure alderdia usoen ohiko pasabidea da, eta badakigu usoek bidea aldatzen ikasten dutela. Beraz, betiko bidean oztopoak ikusiz gero, bertze bideren bat hartuko lukete. Eolikoek zuzenean edo zeharka eragina dute hegaztiengan, hori segurua da, eta galera zenbatekoa den kalkulatzea hagitz zaila da.

«Balio naturala duten eta kontserbazio aldetik bere garrantzia duten espezie aunitz ditugu inguruan»

Gure eskualdean ere proiektu eolikoak egin nahi dituzte...

Bai, eta horren berri izan nuenean, «miruak!» izan zen pentsatu nuen lehenbiziko gauza. Europako miru gorrien populazioaren zati handi bat Nafarroan biltzen da. Aurtengo erroldan 2.600etik goiti kontatu ditugu; zehazki, 2.142, baina % 5eko zuzentze faktorea aplikatuz, 2.684koa izanen litzateke estimazio erreala. 645 Baztan-Bidasoaldean zenbatu ditugu. Kopuru garrantzitsua da, eta hemen parke eoliko bat paratuko balute, aunitz hilko lirateke edo bertzela, bertze toki batera joanen lirateke. Hala ere, Nafarroako Gobernuak badaki hori, eta hortaz, eolikoei baimena eman edo ez baloratzerakoan, miru gorriek indarra izanen lukete, espezie babestua baita. Miru gorriaz gain, alderdi honetan baditugu bertze espezie babestuak, eolikoek kalte egiten dietenak: ugatza, Mendaur aldean ibiltzen dena; baita sai arrea, sai zuria eta arrano beltza ere; gauenaren hainbat espezie ere bai, hauek ere babestuak. Balio naturala duten eta kontserbazio aldetik bere garrantzia duten espezie aunitz ditugu inguruan. 

Administrazioak badu espezie horiek babesteko borondaterik?

Borondatea izan edo ez, behartua dago, zuzentaraua Europatik heldu zaio eta Estatuko eta Nafarroako legeak ere espezie horiek babestera behartzen du. Batetik, espezie mehatxatuen katalogoan sartua denez, miru bati kalte egitea delitua da; badira miruak botatzeagatik zigor handia hartu dutenak. Bertzetik, bere populazioa eta habitatak nola diren informatu behar du eta kontserbazio egoera hobetzeko neurriak hartu. Hortaz, urtero egiten den miru gorriaren jarraipena hagitz garrantzitsua da. Ea jendea neguko erroldan laguntzera animatzen den! 

 

 

GOROSTI ELKARTEAN MIRU GORRIEN ERROLDAN PARTE HARTZEN DUTEN ESKUALDEKO BOLUNTARIOEN ZERRENDA

Leire Paz Leiza aranztarra; Rakel Deskarga Oiartzabal, Marta Zubiria Leiza, Mikel Santxez Etxegia, Pako Santxez Ibañez, Itxaso Etxabide Sagartzazu eta Jon Ander Ruiz Sarasola lesakarrak; Mikel Etxaniz Aginagalde etxalartarra; Xabier Petrirena Gortari sunbildarra; Eneko Eskudero Amiano elizondoarra, Mikel Mugiro Altuna eta Jose Luis Lizartza Sagues arizkundarrak eta Juan Goñi Gimenez erratzuarra. Guztira, ehun basozain eta boluntario baino gehiago dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun