«Bakoitzak bere iritzia du»
Neo-hizkuntzaren klasiko bat. Post-egiaren ohikoa. Agenda 2030aren ohikoa.
Horrela amaitzen da Mikel Irujo Amezagaren elkarrizketa. «Bakoitzak bere iritzia du». Lotsagarria: «Zuk zure egia duzu, nik nirea. Inork ez du arrazoirik. Denok daukagu. Dagoeneko ez dago ez balio etikorik, ez moralik. Batzuek horrela pentsatzen dute, bertze batzuek kontrakoa. Dena erlatiboa da eta teknologia neutrala da. Zenbat buru, hainbat aburu».
Adierazi duenez, ez ditu gure lurraldeko proiektu eolikoak egingarri ikusten, baina ez gure eskualdean eraso horien aurkako herritarren gaitzespenagatik, ezta udalek horiek inposatzeari uko egiteagatik ere. Ez, ez horixe. Ez dira egingarriak «gardentasun eta lurraldetasun» faltagatik eta enpresak kanpokoak direlako.
Baina, batez ere, «bakoitzak bere iritzia du» arazo honetan guztian.
Eta gu, Bortzirietako eta Malerrekako biztanleok, maiatzetik begirik itxi gabe. Kartelak egiten, martxak antolatzen, eta enpresen, kolore guztietako politikarien, prentsaren eta tokiko iritzi sortzaile eta sasi ekologisten propaganda engainagarriari erantzun ahal izateko ikertzen eta artikuluak idazten.
Nori axola zaio enpresa eolikoak Madrildik (Acciona, adibidez) edo Kanadatik (Zelena-Brookfield) etortzen badira gure bizitzak txikitzera, edo Iruñetik, Elizondotik edo Arrasatetik etortzen badira? Edo Norvegiatik (Statkraft)? Nori axola dio suntsiketa hau Bilduk, PPk, PSOEk edo EAJk kudeatzen duen?
Nori axola zaio hau, industria berriztagarri elektrikoak erabateko fartsa direla dakigunean, hemen eta hemen, ikertu eta azaldu dugun bezala?
Zer gertatzen da smog elektromagnetikoarekin, akustikoarekin eta optikoarekin, bertzeak bertze? Eta eragiten dituzten gaixotasunekin? Eta nola hondatzen gaituzte ekonomikoki?
Hilabete hauetan etengabe aritu gara lanean gure bizitzaren aurkako eraso honen aurka.
Zergatik ez du Irujo jaunak lehenago deus erran, berarentzako gauza hain argia bada? Alkateekin biltzea nork antolatu du? Zergatik ez da ekitaldi publikorik egin tokiko plataforma guztiekin, denei informazioa emateko eta galderak egin ahal izateko? Horri «gardentasuna» deitzen diogu?
Eta batez ere: turbinak inposatzea… «iritzi kontua»?
Adibide bat: Bigarren Mundu Gerraren amaiera. Auschwitz. Errusiarrak ailegatu ziren (bai, errusiarrak: haiei esker lortu zen Alemania Naziaren aurkako garaipena). Kontzentrazio esparrutik askatzen dituzte presoak, eta, orduan, mahai batean judutarrak jartzen dira alde batean, guardia naziak bertzean. Presoek justizia aldarrikatzen dute oihuka. Zer erranen dute guardia naziek?: «Motel, ongi da, ez jarri horrela, hain emozional. Zuek beti denari ezetz erraten... Lasai egon, ez duzue ikusten bakoitzak bere iritzia duela? Ideia bikaina iruditzen zitzaigun zuek gas ganberetara bidaltzea! Zuek... zeuen iritzia duzue. Eta guk, gurea». (Adibide hau Israel palestinarrekin egiten ari den genozidioari buruz mintzatzen hasi gabe, noski).
Gizarte bateko erabakiak arrazoiaren ezagutza duten argudioetan eta gure erabakiak gidatzen dituzten balioetan oinarritzen dira, ez «iritzietan». Eta biztanleen benetako beharretan, beraiek definituta, eta ez korporazioek eta interes ekonomikoek.
Mikel Irujo Amezaga; eskualde honetako plataformetatik gutun luzeak bidali ditugu gobernura, proiektu horiek zergatik ez diren egin behar argudiatuz. Hau ez da «iritzi kontua».
Zuen energia trantsizio energetikoa erabateko fartsa da: makroberriztagariek ez dute deus konpontzen, egoera klimatikoa larriagotzen dute.
Deshazkunderik gabe ez dago etorkizun zuzenik eta demokratikorik, eta hau ez da, berriz ere, «iritzi kontua», gure mundu finituko lege fisikoak errespetatzeko beharra baizik.
Beraz, berdin da nondik datozen zuen makroelikoen saltzaile ibiltariak: Ezetz erraten diegu beraien proposamen suntsitzaileei.
Ez da «iritzi kontua» mendi eta eskualde hauetan bizi den jendearen bizitza suntsitzea. Ez da «iritzi kontua» gure iturburuak pozoitzea eta emarien bidea desbideratzea. Ez da «iritzi kontua» 200 metrotik goitiko dorre eolikoak gure etxeen ondoan sartzea.
Miru gorriaren hegaldia, ugatzarena, ez da «iritzi kontua».
Aski da, utzi herritarrak propaganda merkearekin eta manipulazioarekin infantilizatzeari. Jendearen bizitza, gure bizitza, jokoan dago, eta gure seme-alabena.
Politikari gisa duzuen betebeharra jendea zerbitzatzea da, enpresa harrapari horiei landa eremura ailegatzeko bidea moztuz, bertzerik gabe. Eta datozen garaietarako benetako konponbideak bilatzen hastea. Horretarako ordaintzen zaizue. Ez gure zergekin ordaindutako dirulaguntzekin eta haiek gu energia kolonia bihurtzeko borondatearekin aberastera datozen enpresei (izan atzerritarrak edo izan tokikoak) erreberentziak egiteko.
Administrazioaren indarkeriari ez.