Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA]: Makropoligono eolikoen iruzurra (I). Enpresentzako aberastasuna, herrientzako porrota

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 7a, 07:30

Argazkia: Imgur

Irantzu Piquero eta Matthias Krügerrek artikulu hau bidali dute TTIPI-TTAPAra. Testu hau Makroberriztagarrien iruzurra izeneko testu multzo batetik hartutakoa da. Lehenbiziko artikulu hau zer erran handia ematen duen gai bati buruzkoa da: alderdi ekonomikoa. Industria honek gure inguruetara dirua ekarriko digu? Ikusiko dugun bezala, lur joa uzten dute, suntsituta.

Piquerok eta Krügerrek jakinarazi dutenez, «ondotik etorriko diren bi artikuluak ezinbertzekoak diren bertze bi gai aztertuko dituzte: turbina eoliko industrialek sortzen dituzten gaixotasunak (II)  eta makroproiektu horiek paratzeko beharraren justifikazio nagusia: kliman izan dezakeen eragin onuragarria; agian iruzurrik handiena (III)».

Honela dio iritzi artikuluak:

Testu hauekin gai larri honi buruz sakondu nahi dugu, gisa honetara, makroberriztagarriek «guztion onerako» ez direla esplikatzeko, kapitalaren mesederako direla baizik; eta ez direla ez jasangarriak, ez berdeak, ez hemen, ez bertze inon.

Hipnotizatu egin nahi gaituzte euren errota-gurpilak onartu edo irents ditzagun. Edo hobeki erran da, euren turbinak. 

Dagoeneko denok dakigu makroturbina eoliko horien pala bakoitzak 75 bat metroko luzera duela (eta postea kontuan hartuta, 200 metro baino gehiago). Beraz, ez da aise irenstekoa! 

Makroberriztagarriek gure herrietara «dirua eta lana» ekarriko dituztela erraten dute. Colonek horixe egin zuen bere «mundu berrira» ailegatu zenean. Indigenen aitzinean koloretako kristalen lepokoak astinduz, espolioarekin hasi zen, indarrez ebasten. Lurrak ebatsi zizkien eta, ia-ia, baita arima ere.

Makropoligono eolikoek ez dute dirua ekartzen. Hori da sinetsarazi nahi diguten bertze gezurra, kontrako gure jarrera arintzeko eta gure komunitatea nahasteko.

Makroproiektu hauek ingurua eta biodibertsitatea errausten dute, paisaia hondatzen dute eta ondoan bizi direnak eritzen dituzte. Lurraldeak eta herri jakintzak desegiten dituzte, gure memoria biokulturala desagerraraziz. Errota horiek lur joak utziko gaituzte. 

Hamarkada aunitzetan, landa eremuko herritarrak hirietara joan ziren lanaren eta ongizatearen bila. Gaur egun, ordea, gure eskualdeak biziberritzen ari dira. Gero eta gehiago gara inguru osasuntsu batean bizi nahi dugunak, industriarik eta asfaltorik gabeko inguruetan bizi nahi dugunak. Inguru berde eta lasaiak nahi ditugu, arnasa hartzen ahal dugun tokiak, gure  seme-alabak naturaz eta edertasunaz inguratuta bizi daitezkeen inguruak. 

Gisa berean, telelanari esker, jende aunitzek hiriak utzi eta herrietara etortzea erabaki du. Gainera, konfinamendu garaian bizitako larritasunen ondotik, jendeak eremu irekiagoetan osatu nahi du familia, hirietako masifikazio garratz eta estresagarrietatik aparte. 

Hirietatik herrietarako ‘exodoa’ tarteko, landa eremuko jabetzen prezioek goiti egin dute. Landa eremuko eta oihaneko paisaia, lasaia eta laburbilduz, berdea. Hori da landa eremuen erakargarritasun nagusia eta horregatik handitu da euren balioa. Bizirik dagoen naturaz inguratua dagoelako.

Garbi mintza gaitezen. Aukeratzen hasita, inork ez du bizi nahi dorre industrial horietatik hurbil. Horregatik ez dituzte hirien erdian paratzen. Guri paratu nahi dizkigute. 

Landa eremua zaindu nahi dugulako gaizki sentiarazi nahi gaituzte, baina gaur egun dugun ingurumen globalaren aurrean, gure landa eremua mantentzea eta zaintzea ezinbertzekoa da. 

Proiektu horiek «aurrerapena» ekartzen dutela erraten digute, herriak «hazi» egiten dituztela. Baina bertze lurralde batzuetako esperientziek kontrakoa erakutsi dute. Makropoligono eolikoek landa eremuko exodoa indartzen dute. Horren ondorioz, jendeak herrietatik alde egiten du eta gero eta jende gutiago etortzen da. Hori gertatzen denean, zerbitzuak poliki-poliki murrizten dituzte: osasun profesionalak, farmaziak, jatetxeak eta ostatuak, landa etxeak, banketxeak, dendak, ikastetxeak eta kiroldegiak, zerbitzu publikoak… Langabezia sortzen dute, eta gurpil zoro bat hasten da: zenbat eta zerbitzu gutiago izan, orduan eta jende gutiagok bizi nahi du. 

Turbinetatik hurbil bizi diren pertsona gehienek horien ondoan ezin dela bizi baieztatu dute, etxe bat izatearen sentsazioa galdu dutela diote. Familia aunitzek utzi behar izan dituzte euren etxeak, etxeko bat edo gehiago eritu direlako.

Konpainia eolikoak, politikariak eta prentsa inkestak, azterketak eta horien emaitzak manipulatu nahian ari dira, baina Kanadan, Australia, Eskozian eta Danimarkan, bankuek ez dute eraikuntzako inbertsioetarako hipotekarik eman nahi poligono eolikoak dauden landa eremuetan. 

2022an Frantzian ikerketa bat egin zuten, eta Vent de Colérek argitaratu zuen. Horren arabera, inkestatuen % 77k adierazi zuen makropoligono eolikoek euren jabetzen balioan inpaktu negatiboa izan dutela.

Poligono eolikoen etorrerarekin etxebizitzen eta higiezinen jabetzen prezioak goitik beheiti egiten du. Kalkulatu dutenez, turbinak ikusten diren eremuetan prezioen beherakada % 30 eta % 66 artekoa da. Etxebizitza batzuk zuzenean ezin saldu gelditzen dira.

Dorre eoliko horiek Bortzirietan eta Malerrekan paratzen badituzte, 50 kilometroko itzulinguruan dauden herri eta mendi guztiak kaltetuak izanen dira, baita ekonomikoki ere. Hau da, instalazioek inguruko herrietako ekonomian ere larriki eragiten dute, baina herri hauek ez dute inolako diru ordainik hartzen enpresa eolikoengandik.  

Horrek erran nahi du herri jakin batzuetara ekartzen ahal duten diru pizarra, etxe bakoitzetik, gure sakeletatik, ordaindu beharko dugula, infinituki aunitzez garestiago. Baina, batez ere, komunitate guztiok elkartu eta kontra egin behar dugula, nahiz eta dorreak ez dituzten zehazki gure herrietan kokatuko.

Okerrena zera da, gure jabetzen balioa, baita zurearena ere, momentu honetatik aitzinera jaisten ari dela, nahiz eta aerosorgailuen enpresen proposamenak oraindik ez dituzten gehiegi garatu. Hori gure ekonomiarentzako eraso zuzena da.  

Inork ez du halako makroproiektu batetik hurbil dagoen etxerik erosiko. 

Lynn Steinek, higiezinen enpresa handi bateko agenteak, honela adierazi zuen Kanadako aldizkari espezializatu batean: «Herritarren gehiengoak, argi eta garbi, ez dituzte hemen nahi. Sinpleki adierazita, zure bizitzako etxebizitza bat erosi behar baduzu, eta aukeratzen ahal baduzu, non erosiko zenuke etxea? Soinua, argiaren etengabeko keinuak, bista industrializatuak, turbinek osasunean izan ditzaketen kalteak, eta berriz saltzea ia ezinezkoa den toki batean edo dirua bertze toki batean gastatzea aukeratuko zenuke?».

Nori axola zaio errota bakoitzaren truke urtean udalari milaka euro ordainduta ere, gure inguruaz eta gure etxeez gehiago gozatu ezin badugu eta gure etxea ere ezin badugu saldu bertze toki batera joateko? Zer da ongi bizitzea? Billete-sorta bat hilabetean?

Sergi Saladié i Gilek erran zuen bezala (Rovira i Virgili Unibertsitateko Geografia irakasle elkartua da), proiektu hauek: «guztionak diren baliabideak bereganatzen dituzten proiektuak direla sumatzen da, onuradunak eurek dira eta guri guti edo hagitz guti uzten digute».

Saladiék Espainiako Senatuko Trantsizio Ekologikorako Batzordean egindako agerraldian honela ondorioztatu zuen: «Parke eolikoek landa eremuen despopulazioa eragiten dutela, eta alternatiba edo aukera bakarra tokiko behar energetikoak kontuan hartzen dituzten komunitateak sortzea dela».

Euren ameskeriekin gure bista lainotzen utzi behar diegu? Gu kolonizatzen, guri adarra jotzen eta euren promesa faltsuekin gure bizitza izorratzen utzi behar diegu? Edo oraindik garaiz gaudela probestuz, gure lurraldea eta gure etxea defendituko dugu?

Irantzu Piquero eta Matthias Krüger (Haizeak Bizirik)
Artikulu hau testu luzeago baten laburpena da, bere dokumentazioarekin eta bibliografiarekin. Irakurri nahi baduzu idatzi helbide honetara: eolikarikez@mailbox.org.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun