Zentral eolikoak eskualdean

[GUTUNA] 12 argibide makroberriztagarriek zergatik ez duten funtzionatzen ulertzeko

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 24a, 07:00

JBloomquist ยท freeimages

Irantzu Piquero eta Matthias Krügerrek artikulu hau bidali dute TTIPI-TTAPAra, makroberriztagarriek zergatik ez duten funtzionatzen azaltzen. Atzo publikatutako iritzi artikuluaren segida da hau.

  1. Ekoizten duten elektrizitatea baino lehengai eta energia fosil gehiago gastatzen dituzte euren eraikuntzan, garraioan eta instalazioan.
  2. Krisi ekologikoa larritzen dute, kontrakoa pentsarazi nahi badigute ere, CO2 gasen isurketa eta beroketa globala areagotzen dituztelako.
  3. Alemania energia eolikoen aitzindaria eta horien porrotaren eredua da. Planta nuklear guziak itxi dituzte (CO2 emisio baxukoak) eta 30.000 dorre eoliko instalatu dituzte (ustezko CO2 emisiorik gabekoak) horien ordez. Gaur egun, Alemaniak Frantziak baino lau aldiz CO2 gehiago isurtzen du kilowatt bakoitzeko. Energia eolikoak, izugarri hedatuagatik, ikatz zentralen mende daude oraindik. Gutti balitz, 50 gas zentral gehiago eraiki nahi dituzte (fracking) eta Europako energia elektrikoaren inportatzaile haundiena da; Poloniako ikatzetik eta Frantziako energia nuklearretik lortutako elektrizitatea inportatzera behartuak daude. Horrez gain, makroberriztagarriekin sareak har dezakeena baino gehiago ekoizten dutenean, planta fotovoltaikoak edo eolikoak osorik itzali behar dituzte, eta elektrizitatea prezio inbertituan saldu behar dute, hau da, ordainduz. Iberiar penintsulan ere horrelakoak gertatzen hasiak dira. Markel Peñalbak eta gainerakoek ezarritako bidea segituz, Alemanian baino okerrako bukatuko dugu, Frantziako eta Alemaniako kolonia energetiko bihurtuak. Eta burugabeko proiektu hauetan xahututako dirua beharrezkoa izanen dugu benetako trantsizio baterako.
  4. Makroberriztagarriek ez dute bakarrik funtzionatzen; gas, ikatz edo energia nuklearreko zentralen beharra dute beti. Energia fosilen hedapenaren parte dira, eta kopuru haundietan kontsumitzen dituzte.
  5. Energiaren garraioan galera hondatzaileak sortzen dituzte, % 85era artekoak izan daitezkeen galerak. Datu hori kontuan hartuta, galdera interesgarri bat: zergatik ez dago makroberriztagarrien eremurik Madrilen? Penintsulako hiri jendetsuena da, eta ondorioz, energia gehien kontsumitzen duena.
  6. Makroberriztagarriek gure lurrak eta iturriak suntsitzen dituzte, erabilgaitzak bihurtzen dituzte, beharrezkoak ditugun elikagaiak eta ura galaraziz.
  7. Nola izan daiteke elektrizitatea soluzioa, erabiltzen dugun energia guztiaren % 20 bakarrik baldin bada? Gainerako % 80a energia fosiletik dator, elektrizitatearekin ordezkatu ezin dena. Nafarroan, gainera, ekoiztutako energiaren % 30 Frantziara esportatzen dugu. Ez dugu energia gehiagoren beharrik, soberan dugu.
  8. Dirulaguntzei esker bizi dira. Dirulaguntzarik gabe ez dago makroberriztagarririk. Sortzen den energia ez da tokiko beharrak asetzeko, espekulazio hutsa da, esportatzeko merkantzia.
  9. 15-20 urteren buruan makineria zaharkituko da, eta ezinen du martxan segitu. Inork ez ditu erretiratuko, gastu haundia izanen delako, eta kutsatzen segituko dute.
  10. Baliabideen eskasia ailegatzean, nork eta nola mantenduko eta konponduko ditu makina horiek?
  11. Haize errotak geldirik daudenean (bana bertze denboraren erdia baino gehiago), energia kopuru haundia kontsumitzen dute, baita martxan daudenean ere.
  12. Energia aldizka eta modu ez fidagarrian ekoizten dute. Sortutako energia ezin daiteke biltegiratu, biltegiratze bateriak ez dute funtzionatzen. Inbertitutako hidroelektrikoek ez dute funtzionatzen. ‘Hidrogeno berdeak’ ez du funtzionatzen. Auto elektrikoa bertze porrot antiekologiko bat da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun