Prentsak, enpresek eta politikariek, Tapia (EAJ) eta Otero (EH Bildu) barne, etorkizunerako dituzten plan suntsitzaileekin, eta «ekosozial» izena hartu duten tokiko talde ttikiek makroberriztagarriak inposatu nahi dizkigute, aldaketa klimatikoaren kontrako soluzioa direlakoan, eta desinformazioarekin burua bete nahi digute, gu nahasteko eta manipulatzeko.
Baztanen, Markel Peñalba gonbidatu dute. Mondragon Taldean lanean ari da, Statkraft enpresari lotutako taldean. Europako enpresa eolikorik indartsuenetakoa da Statkraft, eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat herritako bizitza hondatzen ari da, baita Noruegako Sami lurraldean ere. Beraien energia kolonialismoa estrategia manipulatzaileekin mozorratzen duten ekimenekin heldu dira, herrietan Troiako zaldia balira bezala sartzeko, sortzen ari diren tokiko energia komunitateak alde batera utziz eta euren politika «ofizialen» interesetara (kasu honetan makroberriztagarriak) bideratuz, eta hala, landa eremuaren aldeko erresistentzia murrizten ari dira.
Baztango solasaldian, gure lur emankorrak zementuz estaltzera bultzatu gintuen, gure oihanak sustraietik ateratzera, gure mendiak txikitzera eta gure itsasoak inbaditzera, hori guztia, 200 metroko edo gehiagoko dorre eolikoak eraikitzeko. Eta zenbat eta bizkorrago egin, orduan eta hobekiago, gisa horretara, «CO 2ren emisioa zero izateko» eta «energia fosilak lurperatzeko». «Berehala egin behar dugu hori. Orain. Atzo». Urtarrileko merkealdia zirudien. «Erosi pentsatu gabe, generoa bukatzen ari zait».
Talde Ekosozialak «solasaldi-eztabaidarako» gonbita eginez ireki zuen hitzordua, garai hauetako hizkera bikoitz tipikoarekin (gauza bat erran eta bertzea egin), eta hizkera hori gailendu zen hitzaldi osoan, baina bertaratutakoek hitz gutti batzuk egiteko aukera baino ez zuten izan. Beraz, pulpitutik egindako bakarrizketa izan zen. Aparteko perlak aditu behar izan genituen, bertzeak bertze, ekologiaren aldetik Covid garaiko konfinamenduak zoragarriak izan zirela eta urtero errepikatu beharko genituzkeela CO2ren isuria murrizteko eta kolapsotik salbatzeko. Eta hori erran ondotik «baina noski, hori ezin da egin, antidemokratikoa izanen litzaketelako» erranez babestu zuen bere burua. Edo katuek dorre eolikoek baino hegazti gehiago hiltzen dituztela. Bere solasaldian, sutsuki nabarmendu zuen gu garela aldaketa klimatikoaren erantzuleak, krisi klimatiko hau benetan sortu dutenen aurpegia estaliz. Erantzule horiek korporazio handiak eta gerrak dira. Kulpa, kulpa, kulpa. Erran bezala, apezak bezala. Eta hori guztia grafiko erraldoiekin eta «parke eoliko» zoragarriekin eta loretxo eta ardiez inguratutako «baratze fotovoltaikoekin» apainduta. Bertaratutakoak infantilizatuz, plateatik irakurri ezin diren datu eta grafikoetan oinarrituz, «Mad Max motako» etorkizunarekin mehatxu egin zuen, ez baditugu makroberriztagarriak orain paratzen, ahalik eta agudoen eta pentsatu gabe. Eta batez ere pentsatu gabe. Letra ttikia irakurri gabe.
Gizarte mugimendua «behetik goitikoa» dela azpimarratu bidenabar, prentsak eta politikariek egiten duten gauza bera hitzez hitz egin zuen: enpresa makroberriztagarrien (milioika eta milioika dirulaguntza hartzen dituztenak) eta Agenda 2030ren propaganda (Nestle, Amazon, Google, Facebook eta Coca-cola konpainia eta petrolioaren konpainia handiek sortua eta sostengatua).
Aldi berean, «aldaketa kulturalak sobera mantsoak» direla eta penatua zegoen, eta horregatik, berea bezalako teknoadimen iluminatuen irizpideei segitu behar zaiela. Memoria pixka bat dugun guztiok dakigun bezala, hori edozein sistema totalitarioren fabrika-marka da: «ezjakina den masari» bere aginduak inposatzen dizkion elitea.
Bitartean, Sustrai fundazioaren datuak kontuan hartuz, makroberriztagarrietatik heldu den elektrizitatea handitzen ari den bitartean, Nafarroan sortzen den elektrizitatearen % 30 kanpora esportatzen dute (ikusi lotura), eta energia fosilen erabilera eta lehengaien gastua handitzen ari da. Valerotarren ikerketen arabera, makroberriztagarrien zentzugabekeria honekin kritikoak izan edo ez, lehengaien eskasia dela eta, soluzionismo teknologiko faltsuaren ametsgaizto ekofaxista ez da egia bihurtuko. Ikusi, adibidez, Siemens-Gamesaren porrota: gainera, turbinek ez dute funtzionatzen.
Bertze datu bat: Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren arabera (ikusi Kolonialismo Energetikoa, trantsiziorako sakrifikatzeko lurraldeak), instalatutako megawatt bakoitzak 32 hektareatan eragiten du. Hau da, gaur egungoko bortz megawatteko errota batek (200 metrokoak) zuzenean 160 hektarea ukituko lituzke, hau da, 265 futbol zelai adina.
Gehiago ere bai: tokiko energiaz ari dira solasean, baina egiazki Forestaliaren makroproiektu bat dugu: goi tentsioko bortz autopista berri, 70 metroko altuera duten ehunka dorre eraikiz, ingurumenean ondorio larriak eraginez, eta Teruelgo, Aragoiko eta Huescako makroberriztagarrien energia Kataluniara, Valentziara eta Frantziara garraiatzeko, kostara bidean euskal lurrak zeharkatuz. Eta hori guztia energia garraioan % 85eko galera denean. Hori guztia energia hori ezin dutelako tokiko sarera isuri (Ikusi lotura hauek: lehenbizikoa eta bigarrena).
Laburbilduz, eurentzat kolonia energetikoak baino ez gara: sakrifikatzeko lurraldeak.
Talde Ekosozialak, eztabaidarako tarte eskasa utzi zuen, solasaldi bukaeran erran genizuen bezala: Malerrekan eta Bortzirietan, borroka eta sufrimendua hainbertzekoa den momentu hauetan, nola okurritu zaizue lantzeko diren gure lurrak eta mendiak erraustuko dituzten eolikoak promozionatzen hastea? Enpresen eta multinazionalen propagandaren, euren bideratzaileen eta gobernari ustelen bozgorailu lana egiten duzue, gaur egungo elikadura eta energia eredua kritikatu beharrean eta indarrak gure lurrak eta gure elikadura burujabetza defendatzeko erabili beharrean. Adibidez: elikagaien neurrigabeko garraioaren kontra borroka egin daiteke, hori baita, CO 2ren emisioaren % 37 sortzen duena (ikusi lotura), edo gure lur aberatsak babestu ditzakegu, enpresa eolikoei saldu beharrean. Ez al da zuen printzipioetako bat «sistema aldatzea»? Nolatan ari zarete gure herriak hil eta erraustuko dituen eromen hau promozionatzen? Zein dira zuen benetako interesak jendea, Baztango herritarrak, horrela manipulatuz?
Nazioartean, makroberriztagarrien burbuila dagoeneko lehertu da eta prentsa horren berri ematen ari da. Porrot ikaragarri hori ikusita, herrialde aunitz energia nuklearrera birbideratzen eta dirulaguntzak horretara bideratzen ari dira, «energia garbia» izendatuz. Eta bistan da, hori ere soluzio faltsua iruditzen zaigula guri ere.
Baina, Euskal Herrian, eta Iberiar penintsulan, makroberriztagarriak sustatzen segitzen dute gobernuek, huts egiten duen teknologia horrekin, zaharkitua eta suntsitzailea, Alemaniaren eta Frantziaren erranetara eta gure bizitzen kontura.
Eta bitartean, makroberriztagarririk gabe, etorkizuneko energia nondik etorriko den galdetzen diguzue.
Galdera hori ikuspuntu okerretik egina eta manipulatzailea da. Gure energia gastuek orain arte bezala segituko dutela suposatzen du. Gustatu edo ez, nahitaezkoa da baliabide guztien (ura, airea, energia, lehengaiak, elikagaiak) gaur egungo erabateko xahutzea birplanteatzea. Hau bukatzen ari da. Ez da aukera kontua. Horregatik gure bizimodua eta gure gastu energetikoak birpentsatzetik etorriko da soluzioa, huts egin duen eta alferrikakoa den teknologia horretan (makroberriztagarriak) dauden baliabide astrononomikoak berriz zuzenduz, eta arreta (bitartekoak, dirulaguntzak, ikerketak…) egiazko tokiko soluzio energetikoak garatzera bideratuz, hau da, herritarrei emanez, eta ez Statkraft bezalako enpresa handien salerosketara bideratuz. Gainera, badaude horrelako proiektuak, baina politikariei eta enpresei ez zaie interesatzen horietan arreta jartzea.
Zeinen interesekoa da elektrizitatearekin duten obsesio hori eta makropoligono eoliko eta fotovoltaikoak eraikitzea azkartzeko joera histeriko hori? Dagoeneko gainezka egin duen burbuila bati lotuta, eta zizareak bezala dirulaguntzei atxikiz, egungo lehentasunen inguruan nahasmena sortzen ari dira. Hipokrita samarra iruditzen zaigu, baita zinikoa ere: Gure arazoa ez da elektrizitate falta, energia fosilak eta bertze lehengai aunitz gero eta guttiago izatea baizik. Euren poligono eolikoekin eta fotovoltaikoekin aldaketa errealetarako eta urgenteetarako behar ditugun lehengaiak eta lurrak suntsitzen dituzte.
Indarrak, ikerketa eta arreta elikadura burujabetzara bideratu behar da, eta hori izanen da etorkizun hurbileko lehentasuna. Onartezina da transnazionalek kontrolatzea. Eta beraz, galdera eginen dizuegu bueltan: Nondik aterako ditugu elikagaiak? Suertea dugu, landa eremuan oraindik bada nola egin atzendu ez duen jendea.
Elikadura burujabetza eta landa eremuen defentsa lehenbiziko lerroan paratu behar ditugu: elektrizitatea, dirua bezala, ezin da jan. Gure elikagaiak sortzen berrikasi behar dugu. Atzerriko eta tokiko enpresei gure lur emankorrak, mendiak, iturriak errausten uzten badiegu, ez dugu elikatzeko lur nahikorik izanen eta gure iturrietako ura kutsatua izanen da.
Gure bertze artikuluan, makroberriztagarriak arazoaren parte direla, eta ez soluzioa, ikusteko informazioa aurkitu duzue.