[GUTUNA]: Trantsizio energetikoak arazoaren jatorriari heldu behar dio

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 11a, 12:30

Euskal Herriko hainbat lagunek, tartean Sustrai Erakuntza fundazioko kideek iritzi artikulu hau bidali dute TTIPI-TTAPAra. Artikuluan «gizateriak sortzen dituen arazoen sustraira doan trantsizio energetiko baten defentsa» egin dute, baita EH Bizirik sareak deituta, larunbatean, apirilaren 13an, Azpeitian (Gipuzkoa) egitekoa den manifestaziora joateko deia egin ere. Idatzia Rebeka Gonzalez de Alaizak, Josebe Blancok, Pablo Lorentek, Alvaro Camposek eta Adrian Almazanek sinatu dute.

Gure planeta eta gure herriak inoiz ez bezalako degradazio ekologiko, ekonomiko eta soziala jasaten ari dira. Adierazle askok adierazten digute gure espeziearen bizi baldintzek okerrera egin dutela. Berotze globala, seigarren desagertze masiboa edo ozeanoen azidotzea gaur egungo bide kapitalistarekin etengabe hazten ari den zerrenda baten hiru adibide baino ez dira.

Zalantzarik gabe, gaixo dagoen pertsona baten lehentasunak berehalako sintomak etetea izan behar du. Baina egiazko tratamenduak gaixotasunaren lehenengo kausan jarri behar du arreta, gaixotasuna behin betiko desagertuko bada. Berotze globala, deforestazioa, migrazioak, baliabideen aldeko gerrak... gaixotasun askoz handiago baten sintomak dira: haustura metabolikoa, giza jardueraren inpaktuen eta planetaren berrosatzeko gaitasunaren arteko desoreka. Lurrak ezin du hazkunde kapitalista etengabearen prezioa asimilatzen jarraitu, duela mende bat pasatxo giza mundua kutsatu zuen baina gure planetako azken txokoraino infekzio gisa hedatu den «gaixotasun bitxi» hori.

Ikuspegi horretatik, eten metaboliko odoltsu horiek ixteak lehentasuna izan behar du jasangarria izan nahi duen edozein gizartetan. Horrela, mendearen hirugarren hamarkadan balio handiena zerk duen galdetzen ahal diogu geure buruari: mendi, parke, ibai edo baso bat defendatu ala onura publikokotzat jo, ondoren industrializatzeko eta merkatuan saltzeko? Begi bistakoa dirudien arren, dilema horri erantzutea ez da erraza. «Abian dagoen trantsizio energetikoa» zuzentzen dutenen motibazioak, bitartekoak eta agentzia ezagutzea lehen urrats egokia izan daiteke hori ebaluatzeko.

Duela gutxira arte kapitala grisa bazen ere, azken urteotan haren berdatze bizkorraren lekuko izan gara. Elite ekonomikoek, klase politiko osoarekin batera, argi dute: «trantsizio energetikoa» garapenerako aukera berri bat da, ekonomia berpiztu eta merkatu berriak irekitzeko nitxo berri bat. Eta garapen teknologikoan egiten da indartsu, eraldaketa susmagarri oro ukatuz. Teknologia berriak eskala handian instalatzea ez den guztia baztertu egiten da. Bere proiektu erraldoia berriztagarrien poligono handiek eta garraiorako lineek osatzen dute. Naturaren merkantilizazioa omen da galdutako oreka berreskuratzeko bide bakarra. Gainerakoa kanpoan geratzen da: trantsizioaren premia materiala; lurzoruen gaineko presioa; biodibertsitatean, lurralde-justizian edo inbertsio publikoen eraginkortasun ekonomikoan izandako inpaktuak; garraio komunitarioa eta ez pribatua; lanaren banaketa eta lanaldiaren murrizketa; agroekologia; energiaren jabetza eta kontrola,...

Euskal Herrian gero eta jende gehiago matxinatzen ari da naturaren industrializazioaren aurrean. Eta ez uste dutelako ez ditugula behar 200 metroko errotak edo ekoizpen fotovoltaikoko hedadura handiak, baizik eta haien garapenaren atzean ez dutelako ikusten ez mugarik ez kontsumoen euste neurri eraginkorrik, ezta energia deseskalatzearen plan seriorik ere. Prozesu honen lema bakarra irabazi pribatuak bilatzea da. Gehiago, beti gehiago. Kezka horren ondorioz, auzo plataforma eta lurralde defentsarako elkarte ugari sortu dira. Denbora eta baliabideak erabili dituzte energia trantsizio faltsu horren aurka ohartarazteko, garapen horien eragin ugarien aurka argudiatuz, askotan beren dirua administrazioak bere lana egin dezan bermatzeko bakarrik jarriz. Kolektibo horiek, Euskal Herria Bizirik elkarrekiko laguntza sarearen pean koordinatuta, lurraldea zaintzeko eta gure iraganeko, egungo eta, batez ere, etorkizuneko ondarea babesteko egindako lanagatik errekonozimendurik jaso gabe, erasoak jaso dituzte: retardistatzat jo dituzte, arduragabeak, emozionalegiak, eta ez jakinak trantsizioak eskatzen omen duen egitura teknikoaren aurrean. Indarrean den trantsizioa bat eta bakarra balitz bezala eraso egiten zaie, benetan oso bestelako eraldaketa sozioekologikorik beharko ez bagenu bezala.

Duela bi aste, Euskal Herri osoko 75 pertsonek, hainbat sektoretakoak eta esparru profesionaletakoak, Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde agiria kaleratu genuen. Ordutik, manifestu horrek bostehun sinadura baino gehiago bildu ditu, euskal gizartearen aniztasuna ordezkatzen duten profilak bilduz. Agiri horretan botere enpresariala eta erakundeen aldetik egoerari buruz egiten den diagnostiko partzial eta interesatua salatu zen, gure lurraldeko klima aldaketari buruzko lege autonomikoetan gauzatzen dena. Eta horrekin batera babesa eman zion apirilaren 13an Azpeitian egingo den EH Bizirik-en manifestazio nazionalari.

Horrez gain, agiria manifestazioaz harago joango da. Eta hurrengo hilabeteotan hamar jarduera-ardatzen inguruan hausnarketa eta eztabaida zabala sustatuko ditu. Ardatz horiek funtsezkoak dira egungo jasangarritasun ezari modu justuan aurre egiteko gai den eraldaketa energetikoa gauzatzeko. Bertan, lurraldeetarako tokiko energia plangintzako tresna berriak garatzearen aldeko apustua egiten da, produkzio eredua birlokalizatu eta deseskalatzeko beharra aipatzen da, baliabideen tokiko potentziala premiaz mapeatzeko eskatzen da, ekosistemen babesaren eta errekuperazioaren zentraltasuna adierazten da, eskariaren murrizketari eta tokiko autohornikuntzako sistema unibertsalen garapenari lehentasuna emango dion eskala txikiagoko sistema bat sustatzea galdegiten da. Laburbilduz, inpaktuak eta onurak bidezkoago banatzeko beharra planteatzen da, energia sistemen demokratizazio eraginkorra, ekoizpena eta erantzukizunak birkokatuz. Eta, azkenik, behe tentsioko sareen aldeko apustu irmoa, energiaren tokiko kudeaketa, ondasun komun gisa.

Nahiz eta puntu horietako batzuk ez diren erabat aplikagarriak trantsizio energetikoari buruzko egungo arau esparruan, horrek ez ditu baliogabetzen. Aitzitik, energia erabilerari lotutako jardunbideak eta erakundeak anbizio handiz eraldatzen hasi behar dugun presaren seinale da, bai kontsumoa murrizteko, baita baliabideak modu eraginkorragoan eta bidezkoagoan erabiltzeko ere. Hori esanda, espero dugu azpiegitura berriztagarrien garapen akritikoa defendatzen dutenen eta lurraldearen aldeko plataformen artean dagoen arrakala sakondu beharrean, agiri hau oinarri izatea giza jarduerek naturarekin duten oreka harmoniko eta bidezko etorkizun baterantz aurrera egiteko. Gure gorputzak eta lurraldea usteldu eta gure etorkizuna mehatxatzen duen gaixotasuna egiazki sendatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun