Zentral eolikoak eskualdean

Azkua proiektuaren kontra sinadurak online biltzen hasi dira herritarren taldeak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 28a, 13:00

Azkua proiektu eolikoaren kontra Arantzan sinadurak biltzen.

Arantza Bizirik, Etxalarko Azkua Bizirik, Igantzi Bizirik eta Sunbillako herri plataforma Azkua proiektu eolikoaren kontrako sinadurak paperean biltzen aritu dira elkarlanean. Zelena Renovable enpresak aurkeztutako aurreproiektuari erantzuteko txostenekin batera, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan aurkezteko egin dute bilketa. Baina sinadurak biltzen segitzeko asmoa dute, eta online sinatzeko bidea paratu dute martxan.

Etxalar, Igantzi, Arantza, Sunbilla eta Doneztebe herrietan egin nahi dute Azkua parke eolikoa eta Zelena Renovable enpresak dagoeneko aurreproiektua aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan. Horren kontra herriz herri sortu diren taldeen hitzetan, ordea, «proiektu horrek ingurumenean zein biztanleengan ondorio larriak» sortuko lituzke, eta proiektuaren kontra daudela adierazteko eta Nafarroako Gobernuari kontrako ebazpena emateko eskatuz sinadurak biltzen ari dira. Lotura honetan sartu eta datuak beteta sinatzen ahal da. Paperean sinatu ez dutenei egin diete online sinatzeko deia.

Ikusi hemen Azkua proiektu eolikoaren inguruko xehetasun gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun