Autobusetik Mastegi futbol zelairako bidea herritarrek egindako pasilloan, musika bandaren laguntzaz egin zuten. Mastegin, ligako partida bukatu berria zuten futbol talde nagusiko jokalariek egin zieten zelai erdira bitarteko pasilloa eta han, elkarteak emandako oroigarriak (zapiak, lore-sorta…) hartu zuten tiralariek, mundialetik ekarritako dominak harro erakusten zituzten bitartean. Josu Sanjurkok bertso ederra bota zien eta gero, berdez apaindutako traktorera igo eta herrian barna ibili ziren tiralariak, herritarren txalo zaparradaren artean.
Bederatzi domina
Omenaldia eta ongietorria handia izan ziren, baina Beti Gaztek Ipar Irlandako mundialean lortutakoa ikaragarria eta, seguruenik, errepikaezina da. Klub arteko txapelketan urrezko domina lortu zuen gizonezkoen 560 kiloko taldeak, hemeretzi urte beranduago berriz ere munduko txapeldun izatea lortuz. Baina zilarrezko bertze lau domina lortu zituen, emakumezkoen 500 eta 540 kiloko kategoriatan, gizonezkoen 600 kilokoan eta txapelketa mistoan. Lehiatu zuen txapelketa guztietan finalera sailkatzea lortu zuen Beti Gaztek eta mundu osoan hiru modalitatetan (gizonezkoak, emakumeak eta mistoa) domina lortu duen talde bakarra da. Bigarren aldiz lortu du gainera, 2020an Letterkennyn (Irlanda) bertze horrenbertze egin baitzuen.
Baina klub artekoaren ondotik, nazioartean ere Euskal Herria ordezkatu zuten Beti Gazteko tiralariek ia kategoria guztietan. Zilarrezko dominak lortu zituen emakumeen 500 eta gizonezkoen 600 kiloko kategorietan, eta hondarreko egunean, brontzeko domina gizonezkoen 640 kilokoan eta urrezko domina txapelketa mistoan. Lehen aldiz munduko txapeldun izan da Euskal Herria nazioarteko lehian, txapelketa mistoan gainera.