Duela hemeretzi urte Glasgown (Eskozia) izan zen azken aldiz munduko txapeldun Beti Gazteko sokatira taldea. Hemeretzi urte beranduago, bertze horrenbertze egin du Ipar Irlandako munduko txapelketan eta urrezko domina lortu zuen atzo, oraingoan 560 kiloko gizonezkoen kategorian. Urre horrek klub arteko bikaina borobildu du. Izan ere, bortz kategoriatan lehiatu da Lesakako kluba eta bortzetan finaletan sartzea lortu du. Beraz, urrezko domina batekin eta zilarrezko laurekin bueltatuko da klub arteko txapelketatik eta gaur eta bihar nazioartekoan gehiago lortzeko itxaropenez lehiatuko dira, orain Basque Countryren izenean.
Klub artekoaren lehen jardunaldian emakumeen 500 kiloko eta gizonezkoen 600 kiloko Beti Gazteren zilarrezko dominarekin abiatu zen eta bigarren jardunaldian, goizean, emakumeen 540 kiloko taldeak ere zilarra lortu zuen.
Arratsaldean, berriz, txapelketa mistoa eta gizonezkoen 560 kilokoa erabaki zen. Txapelketa mistoan ere finalera ailegatzea lortu zuen Beti Gaztek, finalerdian China Ansteel taldea menperatuta. Finalean, ordea, Eskoziako Ayrshire taldearen kontra galdu zuten. Beraz, laugarren zilarra izan zen Beti Gazterentzat mistoan. Lander Landiribar (Amaiur), Udane Arbelaitz, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Guy Larralde (Ezpeleta), Unai Gurrutxaga eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Karmele Pikabea entrenatzaile eta Maria Iantzi laguntzaile zituztela.
Azkenean urrea
Lautik lau finaletan sartu eta lauretan zilarra lortua zuen Beti Gaztek eta bosgarren finalera ere sartzea lortu zuen gizonezkoen 560 kiloko taldeak, lehen fasean tiraldi guztiak irabazita eta finalerdian Irlandako Cuan Rithe taldea menperatuta. Baina bosgarren finalean urrearen jabe egitea lortu zuen Lesakako taldeak. Finalean, arerio, bertze talde euskalduna, Bizkaiako Laukizko Gaztedi taldea izan zuen. Hain zuzen, Euskal Herriko txapelketan, kategoria honetan bizkaitarrak izan ziren txapeldun, Beti Gazteri ongi irabazita. Baina munduko txapelketaren finalean ez zen horrelakorik gertatu eta bi tiraldiak ongi eraman zituen Beti Gaztek, berriz ere munduko txapeldun izateko eta urrea janzteko. Munduko txapeldun izan den Beti Gazteko zortzikotean Karmelo Mitxelena eta Ander Mitxelena aita-semeak, Joxe Angel Mitxelena (lehenengoaren anaia eta bigarrenaren osaba), Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñarto Iantzi, Iñigo Altzugarai eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Ainhoa Ubiria laguntzaile zutela.
Munduko txapelketan hemezortzi domina, bortz urrezkoak
Gisa honetara, munduko txapelketan bosgarren urrezko domina lortu du Beti Gazteko mutilen taldeak Ipar Irlandan (2023). Lehenbizikoa Irlandan lortu zuen 1999an (560 kilo). Urtebete beranduago bi lortu zituen Herbeheretan (560 eta 600 kilo) eta 2004an Eskozian (600 kilo). Baina denera, Ipar Irlandan aurten lortu dituen bortz dominekin, hemezortzi aldiz igo da Beti Gazte munduko txapelketako podiumera eta munduko klub bakarra da, hiru modalitatetan, gizonezkoetan, emakumezkoetan eta mistoan, munduko txapelketako domina duena. Bigarrenez lortu du gainera.
Nazioarteko txapelketa gaur eta bihar
Gaur eta bihar, berriz, nazioarteko txapelketan Basque Country ordezkatuko du Beti Gaztek kategoria gehienetan, Euskal Herriko txapeldun izan ondotik. Hain zuzen, klub artekoan munduko txapeldun izan den kategorian bakarrik ezin izanen du Euskal Herria ordezkatu, aipatu bezala, Euskal Herriko txapelketan Gaztedi suertatu zelako txapeldun.