Lehen domina lortu dute Beti Gazteko emakumeek munduko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 16:44

Beti Gazteko emakumeek zilarrezko domina lortu dute munduko txapelketan, 500 kiloko kategorian. Argazkia: Ana Errandonea

Ongi abiatu da munduko sokatira txapelketa Lesakako Beti Gazte taldearentzat eta emakumeen 500 kiloko taldeak lehen domina golkoratu du Ipar Irlandako Parkgate herrian, zilarrezkoa, finala galdu baitu Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dei taldearen kontra.

Lesakarrak bikain ibili dira lehen fasean, tiraldi guztiak irabaziz, Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dei taldearen kontrako bat izan ezik (bana irabazi dute). Honela bi taldeak lehen postuan berdinduk gelditu dira, baina pisu guttiago izateagatik Txina Taipeiko taldea lehenbizi eta Lesakakoa bigarren. Honela, finalerdian, lehen fasean hirugarren izan den Ibarra menperatu behar izan du Beti Gaztek finalean sartzeko eta lehen fase horretan laugarren gelditu den Txinako China Ansteel taldeari irabazi dio Jingmei taldeak.

Lehen fasean tiraldi bana irabazia zuten, eta final gogorra izanen zela aurreikusia zen. Baina finalean bi tiraldi gogorrak irabazi dituzte Txina Taipeikoek eta honela, lehen domina lortu dute Beti Gazteko emakumeek munduko txapelketan. Halere, txapeldunei tiraldi bat irabaztea lortu duten bakarrak izan dira.

Zilarrezko domina lortu duen Beti Gazte sokatira taldean Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Udane Arbelaitz, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Maialen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zutela.

Brontzezko dominarako borrokan Ibarrak irabazi dio Txinako taldeari, beraz, bi euskal talde igo dira podiumera, Txina Taipeikoaren gibeletik.

Gizonezkoen 680 kilokoa eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa

Emakumeen pisu arineko lehiaz gain, 680 kiloko gizonezkoen txapelketa ere jokatu da, Euskal Herriko ordezkaririk gabe. Irlandako Cuan Rithe suertatu da txapeldun, finalean Herbeheretako Monickendam menperatuta. Brontzerako lehian, Letoniako Ozoli/Livberze taldea nagusitu zaio Ipar Irlandako Slieve Croob taldeari.

23 urtez beheitiko txapelketa mistoan, aldiz, lau taldeak Euskal Herrikoak izan dira eta Abadiñok jantzi du txapela, Berriozar eta Antsoainen aitzinetik.

Arratsaldean, 600 kiloko Beti Gazteko mutilak

Gizonezkoen 600 kiloko txapelketa gaur arratsaldean jokatzen hasia da eta Beti Gazte dominarako lehian borrokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun