Beti Gazteren izenean ariko diren 24 tiralariez gain, eskualdeko ordezkaritza zabalagoa ere izanen da Ipar Irlandan. Honela, Berriozarko taldearekin joanak dira Leitzako Naroa Erbiti Goienetxe eta Amaiurko Aritz Maisterrena Larregi. Antsoaingo taldearekin berriz, taldekidea den Lucia Etxeberria Aranaz goizuetarrarekin batera, berez Amaiurko Sokatira Taldekoak diren bertze hamaika tiralari lehiatuko dira, batez ere 23 urtez beheitiko kategorian: Olaia Urrutia Opoka (Amaiur), Naiara Erasun Muñoz (Elizondo), Izaro Goienetxe Karrika (Amaiur), Eneko Iribarren Aleman (Amaiur), Ixiar Etxebere Etulain (Amaiur), Ekiñe Laurnagarai Ros (Elizondo), Irati Maisterrena Larregi (Amaiur), Ane Barrenetxe Bertiz (Elizondo), Ane Goienetxe Urrutia (Amaiur), Ibai Masterrena Larregi (Amaiur) eta Unai Jauregi Rekalde (Amaiur). Ibarrako taldean, berriz, Aresoko Jabier Otermin arik da tiran eta Aresoko Iñaki Galarraga entrenatzaile.
Egutegia
Asteartean egitekoak dituzten pisaketen ondotik, martxoaren 8an abiatuko da klub arteko txapelketa. Asteazken goizean gizonezkoen 680 kiloko eta emakumeen 500 kiloko txapelketak jokatuko dituzte, baita 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa ere. Arratsaldean, berriz, gizonezkoen 600 kiloko txapelketa jokatuko dute.
Martxoaren 9an, ortzegun goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko dominak izanen dituzte jokoan, baita 23 urtez beheitiko mutilenak eta neskenak ere. Ortzegun arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko txapelketa eta txapelketa mistoa jokatuko dituzte, baita junior misto mailakoa.
Martxoaren 10ean, ortziralean, nazio arteko txapelketa abiatuko da eta Euskal Herriko txapel gehienak irabaziak dituenez, Beti Gaztek izanen du Basque Country ordezkatzeko eskubidea kategoria gehienetan. Klub artekoaren hurrenkera berean ariko direnez, ortzirale goizean gizonezkoen 680 kiloko, emakumeen 500 kiloko eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Arratsaldean, gizonezkoen 600 kilokoa.
Martxoaren 11n, larunbatean, azkenik, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketak eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira eta larunbat arratsaldean, gizonezkoen 560 kiloko txapelketaz gain, txapelketa mistoa eta junior mistoa jokatuko dituzte.