Berriz ere munduko dominak lortzeko borrokarako prest Ipar Irlandan da Beti Gazte sokatira taldea

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 7a, 12:00

Munduko txapelketan lehiatuko diren Beti Gazteko tiralari gehienak, azkeneko prestakuntza saioa baino lehen.

Lesakako taldearekin batera, zenbait taldetan ariko diren amaiurtarrek ere munduko sokatira txapelketan lehiatuko dute martxoaren 8tik 11ra

Euskal Herriko ia txapel guztien jabe egin ondotik, munduko sokatira txapelketari ekinen dio Lesakako Beti Gazte sokatira taldeak aste honetan. Martxoaren 8tik 11ra jokatuko da Ipar Irlandako Parkgate herri ttikian, Belfast hiriburutik hurbil. Asteazkenean eta ortzegunen klub arteko txapelketa jokatuko dute eta ortziralean eta larunbatean nazioartekoan lehiatuko dira lesakarrak, Euskal Herriko selekzioarekin, Basque Countryren izenean.

Beti Gaztek badaki zer den munduko txapeldun izatea, lau aldiz lortu baitu urrea gizonezkoen taldeak. Lehenbiziko urrea 1999an lortu zuen, Irlandan (560 kilo). Urtebete beranduago urrezko bi domina lortu zituen Herbeheretan (560 eta 600 kilo) eta azkena Eskozian 2004. urtean (600 kilo). Lehen urrezko dominatik 24 urte bete badira ere, orduko taldekide batzuk segitzen dute oraindik tiran. Denera hamahiru domina baditu Beti Gaztek kategoria ezberdinetan. Azken lauak Irlandako Letterkenny hirian 2020ko mundialean lortu zituen. Emakumeek lehen aldiz lortu zuten podiumera igotzea, zilarra lortu baitzuten 540 kilo kategorian eta brontzea 500 kilotan. «Urrezkoa bakarrik falta zaigu eta horretan saiatuko gara» aipatu digute Maddalen Lopez eta Ane Gurrutxaga tiralariek. Talde mistoak ere zilarrezko domina lortu zuen 2020an eta gizonezkoen 600 kiloko taldeak brontzea. Gisa honetara, Beti Gazte da mundu osoan gizonezkoetan, emakumezkoetan eta mistoan, hiruetan domina lortu duen klub bakarra. Ea aurten ere lortzen duten podiumera igotzea!

Lesakarrak ez ezik, Amaiurko hamar bat tiralari ere Ipar Irlandan dira, Berriozarrekin, Beti Gazterekin eta, batez ere, Antsoainekin gazteenen kategorietan taldeak osatzeko prest.

Munduko txapelketako egutegia

Asteartean egitekoak dituzten pisaketen ondotik, martxoaren 8an abiatuko da klub arteko txapelketa. Asteazken goizean gizonezkoen 680 kiloko eta emakumeen 500 kiloko txapelketak jokatuko dituzte, baita 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa ere. Arratsaldean, berriz, gizonezkoen 600 kiloko txapelketa jokatuko dute.

Martxoaren 9an, ortzegun goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko dominak izanen dituzte jokoan, baita 23 urtez beheitiko mutilenak eta neskenak ere. Ortzegun arratsaldean gizonezkoen 560 kiloko txapelketa eta txapelketa mistoa jokatuko dituzte, baita junior misto mailakoa.

Martxoaren 10ean, ortziralean, nazio arteko txapelketa abiatuko da eta Euskal Herriko txapel gehienak irabaziak dituenez, Beti Gaztek izanen du Basque Country ordezkatzeko eskubidea kategoria gehienetan. Klub artekoaren hurrenkera berean ariko direnez, ortzirale goizean gizonezkoen 680 kiloko, emakumeen 500 kiloko eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Arratsaldean, gizonezkoen 600 kilokoa.

Martxoaren 11n, larunbatean, azkenik, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketak eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira eta larunbat arratsaldean, gizonezkoen 560 kiloko txapelketaz gain, txapelketa mistoa eta junior mistoa jokatuko dituzte.

 

BETI GAZTEKO TIRALARIAK

Beñardo IANTZI MITXELENA (LESAKA, 1970)

Jose Angel MITXELENA MITXELENA (LESAKA, 1972)

Oskar TELLETXEA MARTIARENA (IGANTZI, 1977)

Beñat ORDOKI TELLETXEA (LESAKA, 1999)

Julen PALENZUELA ETXEPARE (LESAKA, 1997)

Gerardo TELLETXEA AIZPURU (LESAKA, 1969)

Guy LARRALDE (EZPELETA, 1982)

Unai GURRUTXAGA ERRANDONEA (LESAKA, 1992)

Iñigo ALZUGARAI LEGAZKUE (LESAKA, 1988)

Paskual TABERNA ZUBIRIA (LESAKA, 1972)

Karmelo MITXELENA MITXELENA (LESAKA, 1974)

Ander MITXELENA DIAZ (LESAKA, 2004)       

Lander LANDIRIBAR GOIENETXE (AMAIUR, 1991)

Maialen LOPEZ TAPIA (LESAKA, 1997)

Ainhoa UBIRIA SARASOLA (LESAKA, 1990)

Karmele PIKABEA BALEZTENA (SALDIAS, 1980)

Maria IANTZI IRIGOIEN (IGANTZI, 1998)

Irantzu GOIENETXE BATIZ (LESAKA, 2000)

Ane GURRUTXAGA ERRANDONEA (LESAKA, 1996)

Udane ARBELAITZ MATEO (OIARTZUN, 1992)

Ane GOIENETXE URRUTIA (AMAIUR, 1998)

Ainhoa ETXEGARAI ELGORRIAGA (BERA, 2002)

Irati ANDUEZA AZPIROZ (DONEZTEBE, 2003)

Ainhoa ALDAI LANDA (OIARTZUN, 1992)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun