540 kilokoan ere zilarrezko domina golkoratu dute Beti Gazteko emakumeek munduko txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 9a, 14:00

Beti Gazteko emakumeek berriz ere zilarrezko domina lortu dute pisurik astunenean.

Txinako taldea nagusitu zaie pisu astuneneko finalean

Ipar Irlandako Parkgate herrian jokatzen ari den munduko sokatira txapelketa ongi abiatu zen martxoaren 8an. Klub arteko txapelketaren lehen jardunaldian zilarrezko domina bana lortu zuten Beti Gazteko 500 kiloz beheitiko emakumeen taldeak eta 600 kiloz beheitiko gizonezkoenak. Bigarren jardunaldia ere berdintsu abiatu da gaur, 540 kiloz beheitiko kategorian berriz ere finalean izan baitira Beti Gazteko emakumeak. Oraingoan ere galtzea suertatu zaie, lesakarrenak baino 30 kilo gehiago zituen Txinako zortzikotearen kontra.

Lehen fasean, Txinako China Steel taldearen kontrako biak izan ezik, bertze tiraldi guztiak irabazita bigarren izan da Beti Gazte. Finalerdian Ibarra menderatu du Beti Gaztek eta Gaztediri irabazi dio China Steel taldeak, biek nahiko erraz. Finalean, berriz ere txinatarren kontra egokitu zaie tiratzea eta, saiatu arren, ezin izan du deus egin Lesakako taldeak.

Beti Gazte eta China Steel taldeen arteko 540 finaleko irudia.

540 kiloko finalean tiratu duen Beti Gazteko emakumeen taldean, bezperan 500 kilokoan lehiatutako zortzikote bera aritu da. Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Udane Arbelaitz, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Maialen Lopez, Ainhoa Ubiria eta Maria Iantzi aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela eta lehenbiziko tiraldietan tiratzen ere aritu den Ane Goienetxe amaiurtarra laguntzaile.

Brontzearen bila, euskaldunen arteko lehia estuan (kitarako hirugarren tiraldia behar izan dute) Ibarrak irabazi dio Gaztediri.

Gizonezkoetan 640 kiloko txapelketa ere erabaki da gaur goizean, Euskal Herriko orderkaritzarik gabe. Ayrshire (Eskozia) izan da txapeldun, Monnickendam (Herbehereak) bigarren eta Deel Rangers (Irlanda) hirugarren.

 

23 urtez beheitikoan domina gehiago Euskal Herrira

Emakumeen eta gizonezkoen 23 urtez beheitiko txapelketak ere erabaki dira goizean. Emakumezkoetan, Berriozar-Abadiño izan da txapeldun, Antsoain eta Clonmany B (Irlanda) taldeen aitzinetik.

Gizonezkoetan, berriz, Abadiño txapeldun, Clonmany B (Irlanda) bigarren eta Berriozar hirugarren.

 

Arratsaldean, gizonezkoen 560 kilokoa eta mistoa

Goizeko saioaren ondotik, bertze bi txapelketa jokatuko ditu Beti Gaztek, gizonezkoen 560 kilokoa eta txapelketa mistoa (580 kiloz beheiti).

Bihar eta etzi, berriz, nazioarteko txapelketan Basque Country ordezkatuko du Beti Gaztek kategoria gehienetan, Euskal Herriko txapeldun izan ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun