Bi multzotan lehiatu ziren 600 kiloko gizonezkoen taldeak eta Beti Gazte bigarren izan zen bere multzoan, hain zuzen, Country Club etxeko taldearen kontra izan ezik, bertze tiraldi guztiak irabaziz. Multzo gogorragoa izan zen lesakarrena eta hori finalerdietan nabarmendu zen. Beti Gaztek bi tiraldiak irabazi zizkion bertze multzoan buru izan zen Irlandako Deel Rangers taldeari. Lehenbiziko tiraldi gogor eta estuaren ondotik, bigarreana errazago eraman zuten lesakarrek. Country Club taldeak, berriz, Laukizko Gaztedi kanporatu zuen finalean sartzeko.
Lehen fasean Ipar Irlandakoek nahiko erraz irabazi zioten Beti Gazteri, baina finalean lehia estua izan zen. Lehen tiraldia ia bereganatzekotan izan ziren lesakarrak, baina azken estutuan egoera irauli eta irabaztea lortu zuen Country Clubek. Bigarrena ere estua izan zen, baina lehenago eraman zuten Ipar Irlandakoek.
Gisa honetara, munduko txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Beti Gaztek, gizonezkoen 600 kiloko kategorian. Karmelo Mitxelena eta Ander Mitxelena aita-semeak, Joxe Angel Mitxelena (lehenbizikoaren anaia eta bigarrenaren osaba), Oskar Telletxea (Igantzi), Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Guy Larralde (Ezpeleta) eta Julen Palenzuela aritu ziren tiran, Paxkual Taberna entrenatzaile eta Iñigo Altzugarai laguntzaile zutela.
Hirugarren posturako lehian, Deel Rangers nagusitu zitzaion Gaztediri.
Gaurko bigarren jardunaldian bertze hiru domina jokoan
Klub arteko txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur eta Beti Gazteri dagokionez, bertze hiru domina izanen ditu jokoan. Goizean emakumeak ariko dira 540 kiloko kategorian eta arratsaldean gizonezkoak 560 kiloko txapelketan eta talde mistoa (580 kilo). Gainera, goizean gizonezkoen 640 kilokoa (euskal ordezkaririk gabe) eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira.
Nazioartekoa ortziralean eta larunbatean
Martxoaren 10ean, ortziralean, nazio arteko txapelketa abiatuko da eta Euskal Herriko txapel gehienak irabaziak dituenez, Beti Gaztek izanen du Basque Country ordezkatzeko eskubidea kategoria gehienetan. Klub artekoaren hurrenkera berean ariko direnez, ortzirale goizean gizonezkoen 680 kiloko, emakumeen 500 kiloko eta 23 urtez beheitiko txapelketa mistoa jokatuko dituzte. Arratsaldean, gizonezkoen 600 kilokoa.
Martxoaren 11n, larunbatean, azkenik, goizean gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketak eta 23 urtez beheitiko mutilak eta neskak ariko dira eta larunbat arratsaldean, gizonezkoen 560 kiloko txapelketaz gain, txapelketa mistoa eta junior mistoa jokatuko dituzte.