MUNDUKO SOKATIRA TXAPELKETA

Euskal Herriko talde mistoa munduko sokatira txapeldun izan da Beti Gazteko tiralariekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 12a, 08:58

Euskal Herriko talde mistoa, Beti Gazteko tiralariekin, munduko txapeldun. Argazkia: Ana Errandonea

Munduko sokatira txapelketa ezin hobe bukatu da Beti Gazte taldearentzat, Ortziralean, nazioarteko txapelketaren lehen jardunaldian zilarrezko bi domina lortu bazituzten, larunbateko azken jardunaldian brontzezko domina lortu zuen gizonezkoen 640 kiloko taldeak eta Basque Countryk lortutako urre bakarra talde mistoak, finalean Eskoziari irabazita. Txina Taipeik osatu zuen podiuma.

Munduko txapeldun izan den Euskal Herriko talde mistoa osatu zuten Karmelo Mitxelena eta Ander Mitxelena aita-semeek, Irantzu Goienetxek, Ane Gurrutxagak, Beñardo Iantzik, Beñat Ordokik, Ainhoa Etxegaraik eta Maria Iantzik, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Paxkual Taberna laguntzaile zutela.

Gaur arratsaldean itzuliko dira Beti Gazteko tiralariak Lesakara munduko txapelketan inoiz lortutako domina kopururik handienarekin, bederatzi, horietatik bi urrezkoak, zilarrezko sei eta brontzeko bat. Lehiatu duen txapelketa guztietan podiumera igotzea lortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun