Udazkeneko feriak eginen dituzte Elizondon ortziralean eta larunbatean

Ttipi-Ttapa

Irudia: Ondikol.

Urriaren 30ean eta 31n izanen dira aurten udazkeneko feriak Elizondon, eta urtero bezala, egitarau zabala antolatu du herriak

Ortzirale goizean aziendek ez dute hutsik eginen Merkatuko zelaian, eta makineria erakusketa ere ikusgai egonen da Laxoko frontoian. Horrez gain, goiz eta eguerdian borzgarren aldiz eginen dute Elizondoko Ferietako Ardi Gasna Lehiaketa.

Arratsaldean, berriz, pilota partidak izanen dira 18:00etan Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Bi partida izanen dira: Alberdi II eta Erostarbe - Salaberri II eta Senar lehenik, eta Jaka eta Mariezkurrena II - Artola eta Iztueta gero.

Eta doike, ortzirale zein larunbatean postuz beteko dira herriko karrikak, denetik ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukerarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun