«Betiko produktuak egiten dituzten tailerrak ixtean bizimodu bat akitzen da»

Ttipi-Ttapa

Miguel Quevedo eta Mirentxu Ziaurriz senar-emazteak, 95 urte bete dituen Quevedo burdindegiaren atarian.

Miguel QUEVEDO LIZARDI, Elizondoko Quevedo burdindegiak 95 urte.

Elizondoko Santiago karrikan dagoen Quevedo Burdindegiak betiko etiketarekin betetzen ari da 95. urteurrena: familia-negozioa eta hurbileko zerbitzua. Enpresa Luis Quevedok sortu zuen 1931n, eta hasi zen karrikatik atera gabe hazi zen. «Bere izeba batzuekin hasi zen, justu parean zegoen janari denda batean, eta gero izebengandik ihes egin zuen, independizatu egin zen», dio gaur egun denda kudeatzen duen Miguel Quevedo bilobak bere aitatxi zenari buruz.

Lehen urteetan, negozioa Santiago karrikako 21. zenbakian kokatu zen. Denborarekin, Luis aitzindariaren semeek, Enrique eta Paco Quevedok, erreleboa hartu zuten eta burdindegia martxan mantendu zuten, 1975ean, karrika berean bertze lokal bat ireki zuten arte, Santiago 31n.

Hamarkada luzez elkarrekin bizi izan ziren bi lokalak. Etapa bikoitz hori 2008an itxi zuten, hasierako negozioak pertsiana jaitsi zuenean. Ordutik, dena kontzentratuta gelditu zen gaur egungo 400 metro koadroko dendan.

Gaur egun, Miguel Quevedo Lizardi da buru, 60 urteko elizondoarra, hirugarren belaunaldia, Pacoren semea eta Luisen biloba, burdindegiari lotutako bizitza osoa duena. Gogoan du Paco aitarekin «hogei bat urtez» aritu zela eta, gaur egun, Mirentxu Ziaurriz emaztearekin eta beraiekin urteak daramazkin Kepa Lazarorekin ari da, «hiruen artean eramaten dugu denda, urte osoan».

Lehen sektorearen gainbehera

Quevedok dioenez, «duela hogei urte arte, lehen sektorea arras garrantzitsua zen Baztanen, baserrietatik ekartzen zuen jende guztiarekin eta bizitzeko modu hori galtzen ari da eta hori nabaritzen da bezeroengan. Lehengo gauzak nahi dituen jende hori orain aurkitzea arras konplikatua da. Horrelakoak egiten zituzten tailer horiek itxi egin dira, eta arras gaizki gabiltza aurkitzeko. Eta badaude saltzen ez diren gauzak, irteerarik ez dutenak. Batzuetan zerbait aurkitzen duzu, hunkitu egiten zara, dendara ekarri eta ez da saltzen, ez dakizu zer egin horrekin».

«Orain jendea beste era batera bizi da –azpimarratu du Quevedok–, gauza merkeak erosi, erabili eta bota, lehen jendeak gehiago gordetzen zituen gauzak» Bezeroekin duen harremanean eta hamarkadetan sendotu den konfiantza sarea ere jartzen du fokua Quevedok. «Herri osoa ezagutzen dugu, gurasoak eta seme-alabak. Aurrez aurreko tratu hori eskertu egiten dute, nahiz eta beti dauden deus eskertzen ez duten ‘jetalariak' ere».

Quevedotarren laugarren belaunaldi baten aukerari buruz, argi eta garbi erraten du ez dagoela horren beldurrik, «bi seme ditut, baina bertze alde batetik doaz. Beraien lana bertze bat da eta hemen agertzen dira asteburuan, baina ez dute inolako asmorik negozio honekin segitzeko».

Ongi hornitutako burdindegia izateaz gain, mota guztietako artikuluak eskaintzen segitzen dute, baita baserriko produktu tipikoak ere: joareak, kaikuak, saskiak… baina «salmenta aunitz murriztu da, ez direlako eguneroko bizitzarako erabiltzen, souvenir turistiko edo apaingarri gisa baizik, baina etxeetan orain ez dago estilo horretako apaingarririk, dena aldatu da. Agian gaztainak erretzeko danbolina salduko da, baina gero eta bakanago. Lau sentimental gelditzen dira oraindik gaztainak erretzen dituztenak, eta berdin egiten dute airfryerean ere. Orduan, itxi egiten dira horrelako produktuak egiten dituzten tailerrak, eta horiekin, akitu egiten da bizimodu bat».

Online salmentak edo saltoki handiek ere eragina dute burdindegiko negozioan, «lagundu ez dute laguntzen, hori horrela da».

Sarrailagintza ere

Burdindegiak sarrailagintza lanak ere artatzen ditu, herri aunitzetan dagoeneko aurkitzea kosta egiten den zerbitzua eta «dezente eskatzen da, atariak, komunitateak, ate trabatuak, giltza barnean utzi edo galdu egin dudala... Jendeak ez dauka ideiarik ere eskuz egindako lanetan eta horretarako ere bagaude, adibidez, bentiladore bat jartzera ateratzen gara etxeetara, gauza txikiak, jendeak eskatzen duelako eta norbera egiteko kapable ez delako».

Elizondoko feria eguna, egun handia

Elizondoko feria eguna garrantzitsua izaten da Quevedo burdindegian, «lan aunitz egiten den eguna izaten da, bertze modu batean egiten dugu lana. Duela gutti arte, herrietatik jendea erosketak egitera etortzen zen Elizondora eta orain, berriz, aunitz ikustera etortzen dira, Gipuzkoatik, Ultzamatik edo Sakanatik aunitz etortzen dira neguari begira zer erosten ahal duten… eta horietako batzuk erosi ere egiten dute. Guretako lan handiko eguna da, ez dugu aziendak ikusteko edo bazkari berezi bat egiteko aukerarik, gero arratsean ateratzen gara».

Elizondoko Bertan Elkarteko kide da Quevedo burdindegia eta lehendakari ere izan da Miguel Quevedo bera: «Komertzioaren egoera arras zaila dela ikusita beti ongi dago elkartzea eta, elkarlanean, aitzinera begiratu eta aterabideak bilatzea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun