«Jendearekin egoteko eta solasean aritzeko egun polita izaten da feria»

Ttipi-Ttapa

Elkarrekin lanean aritzen dira Pili Goñi eta Jon Larregi ama-semeak.

Jon LARREGI GOÑI, Elizondoko Biok Bat tailerreko arduraduna.

1978an ireki zuten Jon Larregi Goñiren gurasoek Biok Bat tailerra Elizondon, «Goizalde ondoko karrikan». Leku «ttikia» zela azaldu du, eta «saltzeko tresnen eskaintza ere ttikiagoa zen. Baina ordu aunitz sartuta negozioa aitzinera atera zuten». Lana «bertze manera batean» egiten zen: «ordu aunitz aritzen ziren lanean, baina egia da ere erritmo lasaiagoan egiten zela lan; orain bizi garen moduan, telefonoa, Whatsappa, e-maila… bizi martxa azkarragoa dugu».

Hasmentan «batez ere aita aritzen zen, baina gero ama ere laguntzen hasi zitzaion. Orain gehiago izanen dira, baina orduan emakume gutti ikusten ziren tailerretan mekanika lanetan. Lehenbizian jendea harritu egiten zen, baina ongi aritzen da eta fite ohitu ziren». Aitak erretiroa hartu bazuen ere, «amak oraindik ere segitzen du konpontzen, saltzen… denetik egiten du».

Jon «betitik» aritu da etxeko negozioan gurasoei laguntzen, «baina 2005ean, ikasketak akitzean, hasi nintzen serio lanean». Bere bi anaiak ere bertan aritu izan dira, «baina denbora gutti, bakoitzak bere bidea hartu zuen eta ni bakarrik gelditu naiz hemen».

Tailer berria

2014an lekualdatu zuten tokiz tailerra eta gogoan du oraino ateak ireki zuten eguna, «uztailaren 30ean».
Herrigunetik Elizondoko sarrerako industriagunera joan ziren, eta azaldu du toki berrian «aunitzez ere espazio gehiago» dutela, «batez ere aparkalekuagatik. Lehen zaila zen ondoan aparkatzea eta orain bezeroak ez dute problemarik izaten». Aparkalekuaz gain, «lan egiteko manera ere aunitz errazten du». Izan ere, ama-semeaz gain, hiru langile gehiago aritzen dira bertan, eta «produktuen esposiziorako, biltegirako, tailerrerako… orain hobe muntatua dugu dena eta lanerako toki gehiago dugu».

Leku berriak negozioa bi sektoretan banatzeko aukera eman die: alde batetik, «nekazaritzarako eta mendirako makineria» eta bertzetik «kotxeendako zerbitzu azkarra dugu izkin batean; gurpilak, olio aldaketak, frenoak… horrelako lanetarako».

Esposizioan denetik dute salgai: «motozerrak, sasiak garbitzeko makinak, egurra lehertzeko makinak, belarra moztekoak, traktoreak… sasoiaren araberakoa izaten da beti. Orain jendea egurra prestatzen hasia denez, horretarako makina gehiago saltzen dira, edo eroritako hostoak garbitzeko haize makinak, adibidez. Urte hasmentan baratzeko makinak, belarra moztekoak… gehiago saltzen dira». Hala ere, «egia da azkeneko urteetan ez duela lehen bezalako negurik egiten, eta familia aunitzek lanean segitzen dute».

Feriak, «egun bereziak»

Urtero paratzen dute postua Elizondoko ferietan; «lehen denda genuen tokitik hurbil muntatzen genuen, Goizalde parean, baina terraza paratu zuten eta geroztik frontoian egiten dugu, gainerako traktore eta makineriarekin batera». Ttikitatik ezagutu izan ditu feriak eta «betitik paratu dugu postua». Horretarako lehenagotik prestatu behar da dena: «ortzeguna eta ortzirale goiza lan egunak dira niretako, eta gero arratsaldean dena bildu, garbitu eta bere lekura eraman behar da».

Erakusleiho ona dela dio, baina hori baino gehiago, «jendearekin egoteko tokia da. Baztandik jende aunitz etortzen da ferietara eta hemen denok ezagutzen dugunez elkar, lasai solastatzeko eguna da». Gainera, «dena biltzean gustatzen zait buelta bat ematea eta postuak ikustea, egun polita izaten da». Aurten ere «makineria hartu eta betiko tokian egonen gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun