Gaztetxea kudeatzeaz gain, «solasaldiak, tailerrak, aisialdirako eskaintzak eta bertzelakoak» antolatzen dituzte. Gainera, «Elizondoko feriak bezalako datetan, bestarako espazio alternatibo bat ere eskaintzen dugu». Helburua argi dute: «Baztango gazteak saretzea, egungo kezken inguruan hausnartzeko espazio bat edukitzea, gazteok egunerokoan bizi ditugun arazoak lantzea eta mahaigaineratzea eta iritzi kritiko bat sortzea».
Ertze 2019an hasi zen Gazte Asanbladan, «momentu hartan, urte batzuk ziren jada asanblada desaktibatuta zebilela, eta berraktibatzeko eta zerotik hasteko helburuarekin bildu ginen gazte andana bat. Ordutik hona jende berria hurbiltzen joan da». Horien artean dago Oskoz, joan den urtean sartu zena: «bilera ireki bat deitu zela ikusirik, momentu egokia zela pentsatu nuen taldera batu eta gauzak antolatzen laguntzeko».
Gazteendako espazioa
Gaztetxearen kudeaketa da «asanbladaren jardunaren zati garrantzitsu bat». Izan ere, «Gazte Asanbladaren helburuak betetzeko toki bat eskaintzen digu: gure artean saretzeko, espazio alternatiboak sortzeko, formatzeko, gazteon intereseko gaiak lantzeko, eskaintza kulturalak proposatzeko…». Hori dela eta, «gaztetxea beti dago irekia zerbait antolatzeko gogoz dagoenarendako, eta normalki bertze eragile batzuk ere ibili ohi dira gauzak antolatzen».
2024an «gaztetxeak biziberritze bat behar zuela ikusi genuen, eguneroko erabileran ikusten genituen akats batzuk konpontzeko». Hori dela eta, urte hortako urtarrilean obrak hasi zituzten. Aitortu dutenez, «uste genuena baino aunitzez ere zailagoa egin zaigu afera; proposamenak falta ez baziren ere, aunitzetan horiek ez ziren arras egingarriak». Gainera, «iturgintza eta elektrizitate kontuetan aunitzetan kanpoko jendeari laguntza eskatu behar izan diogu, jakintza faltagatik». Izan ere, «gaztetxeko lehen obra egin zenean gehienak ofizioetako ikasleak edo langileak ziren, eta horren falta nabaritu dugu gure kasuan».
«Komuna berritzea, barra handitzea eta ur berogailua instalatzea» ziren helburu nagusietako batzuk, «eta horiek egitea lortu dugu». Handiena egin badute ere, «lanak oraindik ez daude guziz akituak. Gauzak aitzinatzen ari gara poliki- poliki, gure ahalmenaren arabera. Orain eskaileretako obra akitzea, barra hastea eta eszenatokia txukuntzea falta zaigu».
Nekeak neke, «egindako lanekin kontent gaude, gaztetxeari aire berri eta goxoago bat ematea lortu dugulakoz. Gehienak ikasleak edo langileak garenez, gure denbora librean eskaintzen ahal diogun denbora murritz horretan aritzen gara. Espero dugu ikasturte honetan akitu ahal izatea eta obra lantaldea behingoan desegitea».
Ferietarako prest
Aurten ere goiz eta arratsaldean irekiko dut gaztetxea feria egunean. «Goizean kanpoko aldean Herri Mugimenduko postua paratuko dugu, non hainbat eragile eta gazte sortzaileri espazio bat eskaintzen diegun haien materiala saltzeko edo informazioa banatzeko. Horrez gain, ostatua irekia izanen dugu zintzurra bustitzeko, eta gaztetxe barnean ere sorpresaren bat aurkitzen ahalko da. Arratsean, 22:00etatik goiti irekiko dugu eta Beron&Kass eta M&M musika jartzaileak izanen ditugu gaua alaitzen. Giro paregabea izatea espero dugu bertze behin ere».
Dirua biltzeko baliatzen dute eguna, baita jendea gaztetxera hurbiltzeko ere. «Egia erran, materiala saltzen lortzen den sosa nahiko sinbolikoa da. Diru sarrera gisa baino, zenbait aldarrikapen ikusarazteko helburuarekin paratzen dugu postua: Erdiz Bizirik, Aroztegiko Elkartasun Komitea, Zapatillera, Ernai edo Iñarrosi Gazte Feministak bezalako taldeak izan ohi dira bertan materiala saltzen dutenak». Postuan ez bezala, «gaueko besta bai izaten dela diru sarrera on bat; batzuk gaztetxean bakarrik besta egitea maite dutelakoz, eta bertzeak ostatuak beteak daudenez gaztetxean akitzen dutelakoz. Normalki lan gehiena goizeko seietatik goiti izaten dugu, ostatuak hesten direnean».
Etorkizunera begira
«Gauzak antolatzeko gogoz» hasi dute ikasturte berria, «azken urteetan, obrak direla eta, asanblada zein gaztetxea apal ibili direlakoz». Oraindik agenda hesten ari badira ere, «aurtengo helburua Ziklo Antifaxista antolatzea izanen da. Hilabeteka gai desberdinak jorratuko ditugu, borroka antifaxistarekin duten lotura azaleratzeko: feminismoa, antiarrazakeria, kultura, nazio auzia, antiespainolismoa… Hilabete bakoitzean hitzaldi, tailer, proiekzio eta bertzelakoak antolatu nahi ditugu. Fite izanen duzue honen berri!».
Akitzeko, Baztango Gazte Asanbladara batzeko gonbita luzatu dute: «normalki ortzegunetan 20:00etan egiten ditugu asanbladak gaztetxean. Denen ekarpenek badute tokia gurean, beraz, ateak irekiak daude antolatzeko, borrokatzeko, formatzeko eta saretzeko gogoz dauden gazte guziendako». Asanbladara hurbildu ezin dutenak, berriz, «gurekin harremanetan paratzen ahal dira Instagram bidez edo kideengana hurbilduta. Animatu!».

