Burgete arrazakoak izan dituzte beti, baina ez dute lehengo buru kopurua: «Aitak hamabortz buru izaten zituen, eta guk ehun bat izanen ditugu». Esplikatu duenez, «anaia eta biok hasi ginenean, buru gehiago paratzen eta arraza mejoratzen hasi ginen, lehiaketetan ibiltzeko».
Berak halaxe segitzen du. Eta gainera, ez bakarrik. Berak ere asmatu du ondorengoek segida emateko bidea: «Anaiak utzia du, eta orain, Julen eta Joana seme-alabekin gelditu naiz. Haiek segituko dute aitzinerat». Ofizioz kamioilaria da Etxaide, eta urteak pasatu ahala, behorretarako afizioak uste baino toki handiagoa hartu du bere bizitzan. Horren jakitun da: «Hainbertze behorrekin, afizioa baino gehiago bihurtu da, sobera kapritxo... Niregatik balitz erdiak aspaldi kenduak izanen nituen, saltsa handiegia baita, baina semeari eta alabari aunitz gustatzen zaizkie. Alaba albaitaritza ikasketak egiten ari da eta semearen eta bien artean badut segida gibeletik».
Han eta hemen edukitzen dituzte aziendak: «Behor gazteak Baztango mendietan ibiltzen ditugu, eta behor helduak eta umeak udan Andiara eramaten ditugu; neguan, berriz, Nagorera. Nagoreko mendiak udan eta udaberrian jan gabe egoten dira, eta urrian eramaten ditugunean, neguko bazka izaten da». Hala espero du, nahiz eta aurtengo uda gogorraren ondorioz, badituen bere kezkak: «Halako idortearekin ez dakizu non sartu behorrak. Neguko bazka ematen hasi gara eta horrekin, noski, gastua goratu zaigu».
40 bat buru ferietara
Kontuak kontu, hain kuttunak dituen Elizondoko feriei begira dago orain erratzuarra, «40 bat buru harat eramateko intentzioa» baitu. Hala borobilduko du aurten feriaz feria egin duen itzulia: «Feriak maite ditut. Behorrak Elizondoko udaberriko feriara eramaten ditugu, Amaiurren, Irunean eta Urdazubin ere izan gara, eta udazkeneko Elizondoko ferietan ere ez dugu hutsik eginen». Azken horiek bereziak dira beretako, «arras politak».
Duela hamazazpi urte hasi zen Elizondoko ferietara aziendak eramaten. «Azienden feria arrunt galdua zegoen. Tratanteek hogei bat buru eramanen zituzten, baina bertzerik ez. 2009an, ordea, Xabi Torres Elizondoko alkate zela, Luis Laurnagarai Garra eta Joxean Etxeberria mugitzen hasi ziren. Haiekin batera, Juan Miguel eta Julian Agirre Bibi anaiak, Fermin Larralde eta Joseba Zelaieta Xaldubi hasi ziren antolatzen. Abeltzainoi deika hasi ziren. Bilera bat egin genuen, eta hala animatu nintzen. Gaur egun, berriz, Aitor Bazterrikak eramaten du afera eta ferien aitzinetik antolatzeko bilera bat egiten dugu».
Hamazazpi urtez ferietan
Hasi bazen hasi, Etxaidek geroztik ez du hutsik egin ferietan. Horrek, ordea, gibeletik «lan aunitz» duela aitortu du: «Behor batzuk hemen eta bertzeak han izaten ditugu, eta egun batzuk lehenago hasi behar duzu biltzen. Hoberenak bereizi, garbitu eta Elizondora eramateko ongi prestatu behar dituzu. Lehiaketa edo feria izan, igual du, berdin prestatu behar dituzu, han begi aunitz izaten dira eta...». Prestaketa lanak akituta, bezperan, Elizondoko eta Elbeteko belaietara eramaten dituzte aziendak «eta eskertzekoa da belai horiek uztea».
«Hau ez dugu diruagatik egiten, maite dugulako egiten dugu eta sosari begira hasiko bagina, ez zen feriarik eginen. Baina alde batetik eta bertzetik denok eman beharko genuke»
Baina hortik haratago, laguntza gehixeago ere eskertuko luke: «Aziendak eramaten ditugun guziak baztandarrak gara, baita artisauak ere, eta lan handia egiten dugu. Elizondoko herriak zerbait ematen du, baina guti, eta udalak ekonomikoki laguntza eman beharko lukeela uste dut. Hau ez dugu diruagatik egiten, maite dugulako egiten dugu eta sosari begira hasiko bagina, ez zen feriarik eginen. Baina alde batetik eta bertzetik denok eman beharko genuke».
Aurten ere bai
Haur denboran ferietan ibiltzeko ohiturarik ez bazuen ere, bistan da aspaldiko urteotan egutegian gorriz markatutako eguna duela ferietako ortziralea. Aurten ere han izanen da: «11:00etan edo horrela, aziendak sartuko ditugu. 200 bat behor, 50 bat behi eta 300 bat ardi izaten dira, eta kasu jakin batzuetan, euskal zerriak eta astoak. Elbete aldetik Elizondoko sarrerara aurkezpen paseoa egiten dugu eta elegantea izaten da. Jende aunitz biltzen da eta niretako ferietako gauzarik politena izaten da».

14:00 aldera arte edukitzen dituzte aziendak Merkatuko Zelaian eta ondotik, «aziendak kargatu eta bere lekura eramaten ditugu, deskargatu, dutxatu eta handik bazkaltzera joaten gara. Abeltzain guziok elkarrekin bazkaltzen dugu, bazkaria ematen digute eta ondotik, trago batzuk hartu eta gustura ibiltzen gara». Aurtengo Elizondoko ferietan ere goiza azienden bueltan, eta arratsaldea lagunartean pasatzeko intentzioa du Etxaidek.