Elizondoko Baztanberri auzotik pasatuta, Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea lotuko ditu zubi berriak. Oscar Txibitek, Lurralde Kohesiorako kontseilariak, proiektu honek «baztandarren bizi kalitatea hobetuko duela» ziurtatu du eta «herriko sarbidea erraztu eta hobetuko duela» azpimarratu du. Horrez gain, gaur egun auzo guzia eta herri zati handia gurutzatzen duen trafikoa desbideratu ahal izanen dela aipatu du, eta horrek «herri barneko zirkulazioa guttitu» eta «bizilagunen bizi kalitetea hobetuko» duela gehitu du.
Azpiegituraren xehetasunak
Obra honek, 230 metroko tartea hartuko duela aurreikusi dute. Irurita-Elizondo saihesbideko Baztanberri auzoko sarrerako biribilgunetik auzoa gurutzatu eta uhalde gainetik pasatuta Santiago karrikan eraikiko den biribilgune berriraino luzatuko baita. Bertzalde, azpiegiturak izaera urbanoa izanen du. Norabide bikoitzeko galtzadak, saihetsetan behintzat bi metroko espaloiek eta bazterretan linea moduko aparkalekuek osatuko dute. Horrez gain, trazaduraren sestrek irisgarritasun araudia beteko dute % 6tik beheitiko maldekin.