Elizondoko zubi berriaren obra esleitu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 25a, 15:30

Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea lotuko dituen zubiaren irudikapena

Herritarren eskaera historikoari kasu egin diote eta Elizondoko Baztanberri auzoa eta Santiago karrika (NA-83079) konektatuko dituen zubiaren obrak adjudikatu dituzte «inguruko mugikortasuna hobetzeko eta segurtasuna indartzeko» helburuarekin. Irurita-Elizondo saihesbidea eta NA-8307 errepidea lotuko dira zubiaren bitartez eta 2,3 milioi euroko kostua eta 22 hilabeteko exekuzio epea aurreikusi dituzte.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Elizondoko Baztanberri auzoko zubi berriaren obrak esleitu ditu, eraikitzeko 2.308.241 euroko inbertsioarekin eta 22 hilabeteko exekuzio epearekin. Oscar Txibitek, Lurralde Kohesioko kontseilariak, proiektu honek «baztandarren bizi kalitatea hobetuko duela» ziurtatu du eta «herriko sarbidea erraztu eta hobetuko duela» azpimarratu du.

Azpiegitura

Obra honek, 230 metroko tartea hartuko duela aurreikusi dute. Irurita-Elizondo saihesbideko Baztanberri auzoko sarrerako biribilgunetik auzoa gurutzatu eta uhalde gainetik pasatuta Santiago karrikan eraikiko den biribilgune berriraino luzatuko baita. Bertzalde, azpiegiturak izaera urbanoa izanen du. Norabide bikoitzeko galtzadak, saihetsetan behintzat bi metroko espaloiek eta bazterretan linea moduko aparkalekuek osatuko dute. Horrez gain, trazaduraren sestrek irisgarritasun araudia beteko dute % 6tik beheitiko maldekin.

Proiektua garatu ahal izateko okupatuko diren lurrei dagokienez, otsailean onartu ziren okupaziorako presazko deklarazioak eta Nafarroako Gobernuak obren hasiera errazteko desjabetze prozesua arindu egin du oraingoan. Azken ekintza hau, «tokiko azpiegiturak hobetzeko» duen konpromisoaren parte dela, eta «Nafarroako lurralde osoan mugikortasun segurua eta irisgarria erraztuko duten» irtenbide jasangarrien alde egiten duela erranez justifikatu du gobernuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun