Nafarroako Gobernuak Baztanberrin zubia egiteko proiektua onartu du

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 8a, 10:30

Zubiak Santiago karrika eta saihesbidea lotuko ditu Baztanberri plazan barrena

Nafarroako Lurralde Kohesioak behin-behinean onartu du Elizondoko errepide nagusia eta saihesbidea lotzen dituen zubia eraikitzeko proiektua. Glorieta baten bitartez, Santiago karrikatik saihesbiderako sarrera berria eginen dute, ibaia eta Baztanberri plaza gurutzatuz.

Zubiak bi norabideetako errepidea eta oinezkoendako bidea izanen du, petril baten bidez banatua. Osora 10,5 metroko zabalera eta 62 metroko luzera izanen du, eta Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren arabera, bi bao izanen ditu; nagusia 40 metrokoa eta konpentsazio-baoa 22 metrokoa.

Proiektuak eraginen dituen ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozesua hasiko dute orain. Proiektua hilabete batez iritzi publikorako ikusgai egonen da, izanen duen eduki teknikoa eta eraginen dituen lur-eremuei buruzko informazioa ematen. Epe horretan, herritarrek alegazio eta iruzkinak aurkezten ahalko dituzte.

Joan den urteko abuztuan Ziriza kontseilariak Elizondora eta Lekarozera egindako bisitaldian zehaztu zuen proiektua, Baztango Udalaren eskariz egina. Horrela, 2012an hasi eta ordutik akitu gabe zegoen Irurita-Elizondoko ingurabidea lotzen duen errepideari segida emanen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun