Elizondoko ingurabidearen proiektuaren bigarren faseari ekin zaio, saihesbidea N-121-B errepide zaharrarekin lotuko duena. Horretarako Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko eraikuntza proiektua lizitatu du Baztan Berri eta errepidea lotuko dituen zubia eraikitzeko.
Baztango Geroa Bairen udal taldeak «Foru Gobernuak bailararendako garrantzitsua den azpiegitura honekin hasteak duen garrantzia» nabarmendu du, «Geroa Bairen udal taldeak, parlamentuko taldearekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera emandako bultzadari esker izan dena posible». Baztango alkatetzak gehitu duenez, abuztuaren 5ean Ziriza kontseilariak Elizondora eta Lekarozera egindako bisitaldian zehaztu zuen proiektua, Baztango Udalaren eskariz egina.
«Elizondoko herriaren eskari bati erantzun argia emateagatik» bere poza agertu du koalizioak, «bailarako bizilagunen onurarako izanen den azpiegitura» baita. 2012an hasi eta ordutik akitu gabe zegoen Irurita-Elizondoko ingurabidea lotzen duen errepideari segida ematea «beharrezkoa» dela adierazi dute.