Udazkeneko feriak ospatuko dituzte Elizondon urriaren 27an eta 28an

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 13:00

Urtero bezala, hemen dugu eskualdeko ferien garaia, eta Elizondon izanen ditugu  lehendabizikoak, urriko azken ortzirale eta larunbatean. Herriko karrikak jendez beteko dira hilaren 27an eta 28an; postuak, azienda, makinaria… aunitzendako galdu ezineko hitzordua.

Urtero bezala, 300 postu inguruk beteko dituzte Elizondoko karrikak ferietan. Bertakoak zein kanpotik etorritakoak, gustu guziendako produktuen salmenta izanen da: jatekoak, arropak, jostailuak, diskoak,  artisau-lanak, motxilak, galtzerdiak, diru-zorroak… aurten 40 bat postu berri izanen direla jakinarazi dute antolatzaileek. 

Eta noski, ortziralean aziendak beteko du Merkatuko plaza. Behiak, ardiak, zaldiak… 500 azienda buru inguru biltzen dira urtero eta aurten ere kopuru berdina aurreikusi dute. Laxoko frontoian, berriz, nekazaritzako makinak, tresnak eta lanabesak izanen dira nagusi.

Gasna lehiaketa

Joan den urtek0 arrakasta errepikatu nahian, Elizondoko Ferietako II. Ardi Gasna Lehiaketa eginen dute ortzirale goizean Iriarte frontoian. 11:00etatik 12:00etara epaileen dastaketa izanen da, 12:30ean sari banaketa eginen dute eta 13:00etan gasna irabazlea enkantean aterako dute. Trikitixa soinuak alaituko du jarduera eta bertako ekoizle eta artisauen azoka ere izanen da.

Pilota partida

Arratsaldean, berriz, Asperen pilota jaialdia izanen da Baztan frontoian, 18:00etatik aitzinera. Bi partidu jokatuko dituzte; lehenbizikoan Egiguren V. eta Bikuña, Mata eta Tolosaren kontra arituko dira. Partida nagusian, berriz, Elezkano II. eta Martija, De la Fuente eta Zabaletaren kontra. Aingeru de la Fuente eugiarrak bere debuta izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun