Arrate Villamor Bergara

«Eskuekin egiten dugu lan, nire aitatxi-amatxik bezala»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 14:00

Baztandar aunitzendako ezinbertzeko geldialdia da ferietan La Exquisita txurro-denda, urte luzez herrira etorri dena. Txurrogile tradizioko familia bateko hirugarren belaunaldia da Arrate Villamor, eta ttiki-ttikitatik ikasitakoa egiten segitzen du gaur egun.

«Aitatxi-amatxi eta gurasoak txurrogileak izan dira beti, beraz, ni honekin sortu nintzen. Haurretan ez nuen estudiatu nahi, eta gazte hasi nintzen etxean lanean». Manolo senarrarekin ezkontzean, «txurro-denda bat ireki genuen, eta Errioxatik ibili ginen herriz herri. Aita jubilatzean bi dendak elkartu genituen; bera ibiltzen zen herri batzuk hartu genituen eta bertze batzuk utzi».

Ongi ezagutzen du Elizondo, izan ere, «6-7 urte nituenean hasi ginen etortzen, eta aitak, hil aitzinetik, herri batzuetara joaten segitu beharra nuela erran zidan, eta horietako bat izan zen Elizondo. Zerbait berezia dauka herri honek. Beranduago apartamentu bat erosi genuen hemen, eta guretako etxea da gaur egun».

Ezagunak dira bertako txurroak, eta aunitzendako, goxoenak. «Gaur egun makina aunitz erabiltzen dira, baina gurea artisau lana da, eskuz egiten baitugu dena, nire aitatxi-amatxik egiten zuten bezala. Garrantzitsua da ere osagai onak erabiltzea; olioa, irina… produktu onekin emaitza ona lortzen da». Hortaz, etorkizun ona ikusten dio txurrogintzari, «betiere gauzak ongi eginez gero. Artisautza galtzen ari da, orain dena industriala baita, baina eskuekin lan egiten segitzen dugunok etorkizuna ona dugula uste dut».

Bizimodu berezia

Ferietako saleroslearen bizimodua «gogorra» dela azaldu du txurrogileak; «gaztea zarenean dibertigarria da bestaz besta ibiltzea, eta erraz jasaten duzu, baina urteekin nekea geroz eta gehiago nabaritzen da. Gainera, nik ez daukat sustrairik. Berdin zait hemen bizitzea, Arrasaten, Lekeition edo Logroñon. Ez naiz inon errotu». Hala ere, aitortu du «zailena» haurrak edukitzean datorrela; «etxean utzi behar dituzu lanera joateko eta gogorra da». Dena den, «kontent nago gure negozioarekin, eta datorrena datorrela, eutsiko diogu».

Familia tradizioak segida izanen du, baina bertze modu batez: «gure semeetako bat ere txurrogilea da, baina Arrasaten egin du bere bizitza. Bere haurrak bertako eskolara doaz, eta inguruko herrietan aritzen da lanean, lo egiteko etxera bueltatu ahal izateko. Bertze modu batean planteatu du bere bizia. Nik ez nuen aukerarik izan, baina berak bai; eta aukera ona hartu duela uste dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun