Raul FERNANDEZ YOLDI

«Tonbolako dirua saharar herriari laguntzeko erabiltzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 15:00

«Saharar herria laguntzea eta pairatzen duen egoerari ikusgarritasuna ematea». Hori da Baztan- Bidasoko Saharaztan elkarteak duen helburua.

2007an sortu zen taldea:  «hainbat urtetan, Baztan-Bidasoko eta Leitzako jendea Sahararen alde lan egiteko elkartzen zen, eta lana eskualdera murgiltzea erabaki zen». Saharaztan izena «bi herrien arteko hitzen batura izateaz gain, ztan hitzarekin hassaniara (sahararren hizkuntza) hurbiltzen gara, herria erran nahi baitu».

«Duela urte pare bat» sartu zen Raul Fernandez erratzuarra elkartean; «udan harremanetan paratu nintzen taldearekin harrera familia izateko, eta geroztik ahal dudan neurrian laguntzen saiatzen naiz. Hala ere, gaur egun elkarteak gehiago laguntzen nau, nik bera baino». Sahararrek kanpamentuetan bizi duten egoeraz sentibilizatzeaz gain, «elikagaiak, arropa, sosa… biltzen ditugu, karabana solidarioetan laguntzen dugu eta udan Oporrak bakean programa egiten dugu hango haurrak etor daitezen».

Duela bi urte sartu zen Raul Fernandez Saharaztanen.

Urte osoan aritzen da lanean elkartea. «Otsailaren 27an Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren eguna da, eta elkarretaratzeak eta sentsibilizazio ekintzak antolatzen ditugu. Udaberri aldera harrera familiak bilatzen hasten gara, udan Saharako haurrak hartzeko, eta dinamika horretan aritzen gara uda osoan, familiak laguntzen. Irailean familien topaketa egiten dugu eskualdean, esperientziaren balorazioa egiteko, eta ferietako tonbola prestatzen hasten gara. Egoeraren arabera, bertze jarduerak ere antolatzen ditugu».

«Egoera arras larria»

Duela 40 urte baino gehiago okupatu zuen Marokok sahararren lurraldea. Geroztik, «erbestean eta baldintza gogorretan» bizi dira Argeliako basamortuko kanpamentuetan, «eta gerran daude. Herri bezala antolatzen saiatu arren, gabezi aunitz dituzte elikaduran, osasun arretan eta hezkuntzan. Gainera, kanpoko laguntza geroz eta eskasagoa da».

Horregatik, «elkartera hurbildu eta dinamiketan parte hartzera» animatu du jendea. Tonbolari dagokionez, «norbaitek lagundu nahi badu, gurekin harremanetan jar daiteke saharaztan@hotmail.com helbidearen bitartez. Edozein motako laguntza ongi etorria da».

Oporrak bakean

«Estatu mailan martxan dagoen ekimena» da Oporrak bakean, eta ANASek kudeatzen du Nafarroan. Haur errefuxiatuei sufritzea tokatu zaien errealitatetik denboraldi batez ateratzea du helburu programak. Saharaztanek «egitasmori laguntza ematen dio; informazioa zabaltzen, tramiteak nola egin azaltzen eta bidaiak ordaintzeko ekonomikoki laguntzen».

70 haur etorri dira aurtengo udan Nafarroara, eta eskualdera bederatzi: «uda gogor batetik ateratzen diren haurrak dira». Aitortu duenez, «ez nuke erranen lehenbizikoz gustura etortzen direnik, egoerak behartuta baizik. Familia eta lagunak uzten dituzte mila kilometrotara bizi diren ezezagun batzuengana joateko. Baina hemen arras gustura egoten dira, horretan ez dut zalantzarik. Negarrez etortzen dira eta negarrez bueltatzen dira».

Raulek haur bera hartu du etxean azken bi udatan; «maila pertsonalean aberasten zaitu, harreman eta bizipen berriak emanez. Saharar herrira hurbiltzeko ere balio izan dit, eta jendearengandik jasotako babesa eta laguntza arras polita izaten da. Oro har, arras esperientzia polita da».

Tonbola prestatzen

Egitasmoarendako dirua lortzeko, elkarteak tonbola paratzen du urtero Elizondoko ferietan; «komertzioen zerrenda hartu eta banan-banan haiengana jotzen dugu laguntza eske. Bildutakoa antolatzen dugu boletoetan sartu ahal izateko eta azkenik sariak prestatzen ditugu posturako». Gainera, «aurten kamisetak, poltsak eta materialak egin ditugu postuan saltzeko».

Komertzio eta erakundeek «aunitz» laguntzen dute, «norbere jarduerari dagokion produktu eta zerbitzuak ematen. Eskertzekoa da inplikazioa eta laguntzeko prestutasuna». Argi utzi du «batzuetan Baztan mailan aritzen garen arren, eskualde osoko elkartea garela; Malerreka, Xareta eta Bortzirietakoa ere. Tonbola eta ekimenak eskualde osoan zabaltzea da gure xedea, eta harrera familia izateko aukera ere dute».

Honez gain, «herritarrek maila pertsonalean ere bere aportazioak egiten dituzte, tonbolaren egitasmoa sare sozialen bidez zabalduz, adibidez. Eta nola ez, ferietan herritarren parte hartzea ezinbertzekoa da dinamika behar bezala ateratzeko».

Lortutako dirua «neurri batean haurren bidaiak ordaintzeko» erabiltzen dute, «baita martxan dauden bertze ekintzetan laguntzeko ere: ur deposituak instalatzeko, eskoletan materialak banatzeko… Saharak behar aunitz ditu».

Etorkizunera begira, «desagertzea da gure asmorik haundiena, saharar herriak bere etorkizuna eta bidea libreki kudeatuko duenaren seinale izanen delakoz». Bitartean, «udan eskualdera geroz eta haur gehiago ekartzen saiatuko gara. Jendea harrera familia izatera animatu nahiko nuke hemendik».

Tonbola solidarioa paratzen du elkarteak urtero Elizondoko ferietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun