Jexux URRUTIA JAUREGI

«Feria lan haundiko eguna da guretako»

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 25a, 14:30

Duela 46 urte ireki zuten Aroz Berri Baztanen. Jexux Urrutiak azaldu bezala, «lehenbizi Elizondon egon ginen urte batzuz, eta ondotik Iruritara joan ginen, orain gauden lekura».

Bertan «aunitz» haunditu zen negozioa; «Elizondon leku ttikia genuen eta bertze lanak egiten genituen. Hasmentan behorrekin erabiltzeko tresneria eta horrelakoak saltzen genituen, pixkanaka traktore ttikiak sartzen hasi ginen eta gero haundiagokoak». 2007an bigarren tailerra ireki zuten Orikainen.

Gaur egun, nekazaritzarekin eta basogintzarekin lotutako makinerian eskaintza zabala dute, eta konponketak ere egiten dituzte. Izan ere, «bezeroendako arras inportantea da zerbitzu bat ematea eta saltzen duguna zaintzea».

Teknologia aitzinera doa, baita nekazaritzaren munduan ere. «Gaurko egunean traktoreak, haziak botatzeko makinak, tresnak… ordenadorearekin etortzen dira gehienak. Teknologia hori erabiltzen eta konpontzen jakin behar da, bertzenaz ez dugu deus egitekorik». Hala ere, aitzinamendu hauek «beharrezkoak» ikusten ditu; «belaietan erremedioa botatzeko, adibidez, sistema hauekin kalkulatzen ahal duzu deus ez galtzeko, edo leku berean bi aldiz ez emateko».

Ferietarako prest

Batzuendako paseoan ibiltzeko egunak izaten dira feriak, baina Urrutiarendako lan eguna da. Traktore eta makineriaren erakusketan parte hartzen dute urtero; «bezperatik hasi eta ondoko egunera arte makineria ekarri eta bildu, zaindu… lan haundia da. Ikuskizunaren parte gara, herria kontent egoten da eta guk gure makinak aurkezten ditugu». Aspalditik aritzen dira; «lehen feria bi astero egiten zen, larunbatetan. Pixkanaka lekutuz joan zen, udaberri eta udazkenekoa egin arte, eta gaur egun urrian bakarrik egiten da. Hemen bezala, leku guztietan gero eta bakanagoak dira eta jendeak Internetean begiratzen ditu produktuak. Feriak akitzen ari direla erranen nuke».

Hala ere, erakusketan goiti egin du eskaintzak; «lehen gutti ginen eta nahi genuen lekua hartzen genuen, baina orain herriak banatzen ditu lekuak». Gainera, «jende aunitz ibiltzen da aziendak eta makinak ikusten, gehienbat Iparraldekoak». 

Gazteen artean ere interesa ikusten du makina eta teknologia berrietan, «prestatuagoak baitaude eta gehiago ulertzen dute». Izan ere, nekazaritzak segitzeko, «afizioa izatea garrantzitsua da. Egia da lehen nekazari gehiago izaten zirela, baina aunitzek bigarren lanbide bezala izaten zuten. Gaur egun gorabehera gehiago izaten dira eta nekazari guttiago dira, baina profesionalki aritzen dira. Nekazaritzak segida badu, baina bertze modu batez».

Makineria erakusketa izanen da ferietako ortziralean Laxoko frontoian. Ondikol.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun