Arizkungo Cesareo Soule harginak jaso du 2021eko Txondorra Saria

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 28a, 09:00
Cesareo Soule harginak Txondorra Saria jaso zuen ortziralean Enrique Maya Iruñeko alkatearen eskutik. Argazkia: Iruñeko udala

Sariak kultura herrikoia eta tradizionala zaintzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakunde bat saritzen du.

Enrique Maya Iruñeko alkateak 2021eko Txondorra Saria eman zion ortziralean Condestable jauregian Cesareo Soule Arizkungo harginari, Arizkun inguruan hainbat hamarkadatan harriarekin egindako lanagatik.

Olentzeroren Lagunen Elkarteak Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin sustatutako sari honen zazpigarren edizioa da aurtengoa. Bere lanarekin kultura herrikoia eta tradizionala zaintzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakunde bat saritzen du.

Ekitaldian, Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburua, Olentzeroren Lagunen Elkarteko ordezkariak, udalbatzako eta epaimahaiko kideak eta saridunaren senideak izan ziren.

Souletarrak: harginak belaunaldiz belaunaldi

Hirugarren belaunaldiko hargina da Cesareo Soule, bere aitatxi Juan eta bere aita Bautista ere halaxe izan baitziren. 73 urterekin lanean segitzen du Cesareok eta Albaro semeak ere arbasoen bidea hartu du.

Epaimahaiak, «bere arte-lan ugariengatik, aurtengo Jakobeo urtean Baztango Done Jakue Bideari egindako ekarpenean izan duen harremanagatik, eta mugarriak eraikitzearekin Done Jakue Bideari egindako ekarpen pertsonalagatik, museo etnografikoagatik, eta, bertzeak bertze, harri-tailari egindako ekarpenagatik» eman zion saria. Bere ibilbide profesionalean, eta etxeen fatxadetan jartzeko noblezia-armarriak, hilerrietarako hilarri diskoidalak eta lapidak, etxeetako letreroak eta enkarguz egindako bertze hainbat lan ttikiago egin ditu.

Aurten, Donejakue Bideko hainbat herritan ikusgai jartzen ari diren Conocimiento del Camino/Bidearen ezagutza erakusketarako zenbait arte-lan utziak ditu Soulek, Nafarroako bertze zenbait artistek bezalaxe. Erakusketa hau Vianan izan da eta 2022 urte hasieran Garesen, Urantzian eta Lizarran izanen da.

Zazpigarren sariduna

Cesareo Soule Txondorra Saria jaso duen zazpigarrena izan da. Lehen aldiz, 2015ean, San Antonioko Gaztediaren sortzaile izan zen Andoni Santamaria zenari eman zioten, baita Lesakako herriari ere, olentzeroren ohitura bizirik mantentzeagatik; 2016an Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoari; 2017an Juan Antonio Urbeltz etnografoari eta Marian Arregi senar-emazteei; 2018an Pello Apezetxea Etxalarko apeza, etnografo, etnologo eta idazleari; 2019an Gabriel Inbuluzketa Elizondoko kazetariari eta 2020an Fernando Hualde idazle eta ikertzaileari.

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun