Hain zuzen, 1959an Lesakatik jasotako ohituraren lekukoa eraman zuten Iruñera eta hori eskertu nahi izan zuen Iruñeko Udalak, «Frankismoaren garaian ere, ohiturari eutsi ziotelako», Joseba Asiron alkateak azpimarratu zuenez. Lesakako herriari ez ezik, Andoni Santamaria zenari, San Antonioko Gaztediaren sortzaileari eman zioten Txondorra Saria.
Sari banaketaren ondotik, Lau Urrats taldeak Olentzeroren dantza estreinatu zuen.
Olentzero eta jaiotza lehiaketa Lesakan
Ortzegun eguerdiko olentzero eta jaiotza lehiaketan 24 taldek hartu zuten parte: 3 jaiotza lehiaketan eta 21 olentzero lehiaketan. Ikusi argazkiak Lehiaketa nagusian, azken lau urteetan bezala Añarrak taldeak eraman zituen sari nagusiak. Horretaz aparte, Olentzero batek su hartu eta ke handia sortu zen, baina ez bertzelako kalterik. Olentzero biziduna ere ibili zen lehiaketatik kanpo. Lehiaz kanpo, modu berean, presoekin elkartasun olentzeroa eta Beti Gazte elkartearen 75. Urteurrenekoa atera ziren kantari.