Gabriel Imbuluzqueta elizondoarrari eman diote 2019ko Txondorra Saria

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 17a, 19:00
Gabriel Imbuluzqueta elizondoarrak abenduaren 24an jasoko du 2019ko Txondorra Saria.

Sari honek herri kultura tradizionala sustatzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakundea bereizten du

 

Joan den ortziralean, abenduaren 13an, Iruñeko La Perla hotelean, Txondorra sariaren epaimahaia bildurik, Gabriel Imbuluzqueta Alcasena izangaia izendatu zuen seigarren edizio honetako irabazlea. Sari honek herri kultura tradizionala sustatzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakundea bereizten du.

Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak, Enrique Maya Iruñeko alkateak, Patxi Pérez Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakariak eta Naiara Ardanaz, Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrakoa eta Etniker-Nafarroako kideak osatu dute epaimahaia. Aurkeztu ziren bost kandidaturak entzun ondotik, Gabriel Imbuluzqueta kazetariari saria ematea erabaki zuten, Nafarroako kultura tradizionalaren ikerketa eta narrazio lan zabalagatik.

Sari hori abenduaren 24an emanen dute Udaletxeko harrera aretoan.

 

Gabriel Imbuluzqueta Alcasena

Kazetaria. Elizondon sortu zen 1945ean. Informazio Zientzietako doktorea da Nafarroako Unibertsitatean (1991), XIX. mendeko Nafarroako Prentsari buruzko tesiarekin. Diario de Navarrako erredaktorea 1976tik 2010ean erretiratu zen arte.

Kazetari gisa egindako lanari etnografiaren arloan egindako lana gehitu behar zaio, batez ere artisautzarekin zerikusia duten gaietan. Nafarroako Diputazioak antolatutako Nafarroako Eskulangintzari buruzko I. Kazetaritza Lehiaketa (1983) eta Nafarroako erakargarritasun turistikoak sustatzeko kazetaritza-lan onenaren Teobaldo Saria irabazi zituen (2010).

Nafarroako Gobernuak argitaratutako Turismo en Navarra (1985-1996) aldizkarian artisautza eta etnologia gaietan parte hartu zuen, eta 1992-1995 urteetan haren koordinatzailea izan zen. EGN Comunicación, SLren Saber Navarra aldizkarian kolaboratu zuen. 1988az geroztik, Etniker Navarra-n integratuta dago. 1999tik 2003ra Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren Eskualde arteko Batzordeko eta Erredakzio Batzordeko kide izan zen. Nafarroako Gobernuak 1997an sortu zuenetik, Nafarroako Eskulangintzaren Aholku Batzordeko kide da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun