Feria giroa dakar larrazkenak

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 06:30

Aziendak ikusgai izanen dira ortziralean Elizondoko Merkatuko Plaza inguruan.

Elizondokoak izanen dira inguru honetako lehenbizikoak, urriaren 25ean eta 26an

Urri hondarrean hasi eta abendura arte, feriaz feria ibiltzeko aukera izanen dute eskualdean. Urtero bezalaxe, Elizondokoak izanen dira lehenbizikoak, urriaren 25ean eta 26an, eta segidan helduko dira Doneztebe, Lesaka eta Goizuetakoak. Aziendek plazarako bidea hartuko dute eta haien bueltan kontuan eta tratuan aritzeko baliatuko dute hainbatek hitzordua. Behien murrusa, ardien balaka eta astoen arrantzekin batera, saltzaileen ahotsak izanen dira eguneko doinua. Zein baino zein eskaintza hobeak iragarriz, tentazioa eskura jarriko dute. Eta karrikatik epelerako bidea eginda, barrenak goxatzeko tartea ere izanen da ferietan. Horretarako taberna, gozotegi eta jatetxeek prest dute eskaintza berezia.

Azienden bueltan kontuan hasi eta egindako tratuak, saltzaileekin adostutako diru-kontuak, taberna giroko kantu eta kontuak. Zenbat kontu izaten den, ferien inguruan!

 

500 abelburu

Merkatu plaza azienden erakusleiho izanen da bertze behin ere. Ez nolanahikoa, 500 abelburu elkarren ondoan ez dira noiznahi ikusten eta. Aurten, banaz bertze, 100 behor, 250 ardi, 50 behi, 20 asto eta 50 poni inguru plazaratuko dituztela aurreikusi dute. Horien bueltan, batzuk ikusmiran, bertzeak tratuan; denentzat tokia izanen da Merkatu plazan.

 

Lana arintzeko

Negurako prestaketak erraztuko dituzten lanabes guztiak eskuragarri jarriko dituzte Merkatu plaza aldamenean: traktore, motozerra, segadora edota egurra lehertzeko makinak, erraterako. Eskaintza bereziren bat edo bertze ere izanen da, seguru. Azken berrikuntzak edo beti beharrezkoak diren klasikoak, lana arintzeko erabilgarriak denak!

 

250 postu

Karriketan, postuz postu sigi-saga ibiltzeko aukera ere izanen da. Jantzi, objektu eta jakien 250 bat postu paratuko dituzte; batetik eta bertzetik ekarriak edo mimoz eginak. Poltsikoen galgarri, ea nork eusten dion tentazioari!  Ortziralean goiz eta arratsaldez eginen dute azoka eta biharamunean ere atsoferie izenez ezagutzen den azoka izanen dute.

 

Barrenak goxatzeko

Aziendak ikusi eta postuz postu ibili ondotik, tragoxka bat egiteko tartea hartuko dute batzuek; bazkaltzeko hitzordua egina izanen dute bertzeek. Azken momentuan, tripa-zorriak dantzan sumatu eta mokadutxoa jatera joanen direnak ere izanen dira. Denentzat buru-belarri aritu dira lanean jatetxe, ostatu eta gozotegiak. Tradizioari eutsiz, garbantzuak azarekin eta usoa saltsan dira gehien eskatzen diren platerak. Baina bertzelako menuak, kazolak eta mokadutxo gazi-gozoak... ere izanen dira aukeran. Eta besta luzatu nahi dutenek ere giro bikaina izanen dute ziur ostatuetan.

 

Sokatirari tartea larunbatean

Elizondoko ferien barne, herri-kirol saioa izaten da urtero. Aurten, Nafarroako 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketako kanporaketa jokatuko dute, larunbatean 17:00etatik aitzinera Elizondoko pilotalekuan. Gizonezko eta emakumezko soka-tiralariak ariko dira: 600 kilotan Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain eta Txantreako gizonezkoak eta 520 kilotan,  Beti-Gazte, Antsoain eta Txantreako emakumezkoak. Urriaren 19an hasi zuten txapelketa Arbizun eta txapelketako bigarren kanporaketa izanen da Elizondon jokatuko dutena. Azaroaren 2an Leitzan eta azaroaren 9an Lesakan izanen dira hirugarren eta laugarren kanporaketak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun