«Lehiaketetan parte hartzeak lana dakar, baina plaza egokia dira gure lana erakusteko»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 12:30
Iñarrea behi-azienda piriniotarraren nazioarteko lehiaketa-enkantean lortutako saria eskutan duela.

Juan Jose IÑARREA REKARTE

Baztango abeltzainen artean ezaguna da Juan Jose Iñarrea erratzuarra, baita bere aziendak ere. Ez dituzte alferrik irabazi hainbertze sari. Duela hamabortz bat urte hasi zen abeltzain eta hamar bat urte dira lehiaketetan parte hartzen hasi zenetik: «garai batean lagun bati laguntzera joaten nintzen lehiaketetara. Gero nik jarri nituen behiak, lehiaketetara aurkezten hasi nintzen eta hor gabiltza»

Lanari aitortza

Elizondon egin berri duten behi-azienda piriniotarraren nazioarteko lehiaketa-enkantean, hainbat sari lortu ditu, tartean, Baztango zezen onenari ematen zaiona eta pozik dago: «egiten dugun lana nahiko ongi egiten dugunaren seinale da. Sariak lortzea ongi heldu zaigu kanpora ezagutzera emateko». Urtetik urtera, lehia biziagoa izaten dela aipatu du Iñarreak: «maila geroz eta altuagoa da eta geroz eta gehiago kostatzen da sariak lortzea. Saiatzen gara gauzak ahal bezain ongi egiten eta probatu gabe ez dago jakiterik. Aurten zortzi abelburu aurkeztu nituen, sei miga eta bi zezen».

Irabazleen ezaugarriak

Abeltzainak baino hobeki ez ditu inork ezagutzen bere abereak: «ttikitatik kontrol lana egiten dugu, arrazari dagozkion ezaugarriak betetzen ote dituen, lasaia den... lehiaketan paper ona egin dezakeela uste dudana begiz joa izaten dut». Lehiaketa baino pare bat hilabete fiteago hasten da aziendak prestatzen: «lehenik sokan ongi hezi behar duzu, gero ahal bezain ongi bazkatu haragiz ongi egon dadin eta lehiaketa baino aste bete fiteago hasita, egunero garbitu, arras itxura ona izan dezan». Aitzineko lana ongi egina izateak ez du deus segurtatzen: «behiaren jokaerak garrantzia handia du. Ongi desfilatzeak, epailea begira dagoenean ongi eta zuzen egoteak, posturak...». Horregatik, eguna iristean urduritasun puntu bat izaten duela aitortu du: «jendearen tartetik pasa beharreko momentua nahiko kritikoa izaten da. Ez dakizu behiak nola erreakzionatuko duen. Hezia egonagatik animalia da».

Lanaren erakusleiho

Abeltzainek egunero izaten dituzten lanei, lehiaketarako prestaketa bereziak gehitzen zaizkio: «aziendak prestatu, lehiaketako egunean batetik bertzera mugitu, bere tokian jarri, garbitu, desfilatzera atera... lan handia dakar, baina, plaza egokia dira egiten duguna erakusteko».

Ferietara laguntzera

Elizondoko udazkeneko ferietara ere eginen du bisita: «lagun bati behorrekin laguntzera joaten naizª eta Merkatu plazan negoziorako aukera ere sortzen dela aitortu digu: ´hartu-emanak egiten dituzu, egun horretan telefonoa eskatu eta gero heldu dira ondoko egunetan tratua egitera». Aziendak etxeratu ondotik, bestarako tartea ere hartzen dute: «bazkaldu eta arratsean besta pixka bat egiten dugu».

Abeltzainen etorkizuna

Lehenbiziko sektorearen egoerari buruz ere galdegin diogu eta baikor solastu da: «Baztanen nahiko motel zegoen egoera baina badirudi gazte batzuk ardiekin hasiak direla lanean... Afizioa badu jendeak. Esperantza badut eta ea segitzen duten etorkizunean ere». Hori bai, abeltzainek ezin dutela bakarrik jardun ere argi du: «jendeak kontu eman beharko luke bertako produktuak jateak zer garrantzia duen. Hura badakizu zer den, non egin den, nola egin den. Bertakoari balioa eman eta bertakoa kontsumitu behar da, horrela bakarrik segurtatzen ahal da gure etorkizuna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun