«Elkarlanari esker desagertzear zegoen azienda feria berreskuratu eta indartu dugu»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 14:00

Luis Jabier LAURNAGARAI · GARRA

Merkatu plazan aziendarik ez. Pausorik eman ezean horixe zen Elizondoko feriek izan zezaketen etorkizuna. Egoerari buelta eman eta bertzelakoa da orain egoera; ferietako ortziralean 500 buru inguru biltzea lortzen da. Aldaketa horren nondik norakoak aski ongi ezagutzen ditu Luis Jabier Laurnagarai Garrak. Ferien antolaketaz arduratzen den taldeko kidea da eta denek denean esku bat botatzen badute ere, zereginak banatuak dituztela azaldu du: «ni azienden aferaz arduratzen naiz».

Elkarlanaren emaitza

Ez zen nolanahikoa izan duela urte gutxi batzuk azienda feriaren jiran izan zuten erronka. Merkatu plazan, urtetik urtera, geroz eta abelburu gutxiago izaten zirela ikusita, hitzetatik ekintzetara jotzeko tenorea zela ohartu ziren: «azienda feria bere kabuz utzia genuen eta desagertzen ari zela ikusi genuen. Feriak hortik heldu dira eta pena zen galtzen uztea, xarma duen zerbait baita. Abeltzainekin bilera batzuk antolatu genituen eta haiek ere zerbait egitearen alde agertu ziren». Topatu zuten abeltzainek behar zuten akuilua: «garraio-gastuak Elizondoko Herriak ordaindu eta bazkari baten truke, aziendak ekartzen segitzeko prest agertu ziren. Horrela, elkarlanari esker desagertzear zegoen azienda feria berreskuratu eta indartzea lortu dugu. Emaitza bistakoa da, Merkatu plaza bete egiten da aziendarekin».

Feria aitzineko lanak

Feriak baino aste batzuk lehenago hasten dira antolakuntza lanean: «abeltzainekin elkartzen gara ortzirale batez eta aziendak ekartzeko modurik izanen duten jakiteko beraiekin solasten dugu. Azienda feria itxura hartzen joaten da hor. Batzuk behorrak, bertzeak ardiak... bakoitzak bere aletxoa jartzen du azoka egin ahal izateko». Denen artean, ez dute nolanahiko kopurua osatzen: «denera 500 abelburu inguru izaten dira: 100 behor inguru, ardiak 250, behiak 50, 20 asto eta poniak 50». Gero, feria egunaren bezperatan, aziendak egoten diren lekua prestatzen dutela azaldu du Garrak: «bizpahiru egun lehenago hasten gara antolatzen. Itxiturak jarri, korreak prestatu... dena ongi antolatuta izateak abeltzainen lana ere errazten du».

Salmenta-postuak

Udazkeneko ferien bertze bereizgarria, herrian zehar jartzen dituzten salmenta-postuak dira: «225 bat salmenta-postu izaten dira». Denei tokia egiteko, puzzlea ongi osatu beharra izaten dute: «txoko guziak ongi beteak ditugu. Aitzineko egunetan bi marrekin markatzen dugu, postu bakoitza non hasten den eta non bukatzen den. Postu denek ez dute neurri bera, banaz bertze, 5 metro ingurukoak dira». Saltzaile bakoitzari zenbaki bat ematen dietela ere azaldu digu Garrak, «horrela jendea ortzegunean etortzen da eta badaki non duen bere txokoa. Postua muntatu eta bi egunez ahalik eta gehien saltzen saiatzen dira».

Feria eguna

Feria eguna iristean ere, goizean, ez dute ardurak albo batera uzterik izaten: «postuz postu neurriak errespetatzen dituztela ikusten ibiltzen gara, ongi kokatuak daudela, ez dutela arazorik sortzen...» eta azienda ferian barna ere egiten dute itzulia, «giroa ikusi eta abeltzainek zerbait behar badute laguntzeko». Bazkaltzeko biltzen dira gero, «kargudunek abeltzainekin batera bazkaltzen dugu eta giro polita izaten dugu gure artean». Tabernetan «sartu-irtena» egin behar izaten dute gero eta aitortu digu «ez da erraza izaten etxera joatea. Hala ere, orain bi aldiz pentsatzen dut juerga bat egin aitzinetik, adinak ez du barkatzen-eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun