«Familiei arnasgunea eta erabiltzaileei gune propio bat eskaintzen die Xauli elkarteak»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 23a, 11:00
Xauli elkarteko hainbat kide iazko ferietan.

XAULI BAZTANGO AISIALDI ELKARTEA

Ezintasun psikikoa duten pertsonekin lan egiten duen Baztango aisialdirako taldea da Xauli. 1999an sortu zen elkartea, «hasmenta batean sei hilabeterako aurreikusita zegoen», azaldu digu Maria Tamayo boluntarioak: «baina, arrakasta izan zuen eta hogei urte eta gero hemen segitzen dugu».

Boluntarioak giltzarri
Hamasei erabiltzaile ditu elkarteak eta larunbatero, 16:30etik 19:00etara dute hitzordua. Beraien aldamenenean, monitore eta laguntzaileak izaten dituzte, «denok boluntarioak gara. Boluntariotza taldearen motorra da. Aldizkatuz aritzen gara eta zazpi bat boluntario gabiltza lanean. Laguntzaile puntualak ere baditugu eta eskertzekoa da». 
Erabiltzaileek eta familiek aunitz eskertzen duten zerbitzua dela nabarmendu du Mariak: «denendako onuragarria da. Familiei arnasgunea eta erabiltzaileei gune propio bat eskaintzen die elkarteak».
  
Aspertzeko tarterik ez
Hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar: «psikomotrizitatea eta koordinazioa lantzeko tailerrak, egunerokotik atera eta toki berriak ezagutzeko irteera sozio-kulturalak, inguruaz eta naturaz gozatu eta ariketa fisikoa egiteko ibilaldiak, elkarrekin solastu eta elkarlaguntza bultzatzeko ospakizunak... egiten ditugu».
Elizondoko feriak ere, gorriz markatuak izaten dituzte egutegian: «sentsibilizazio kanpaina egiten dugu ferietan, gure postua jarri eta Eguberrietako pinuak eta boletoak saltzen ditugu, larunbatean egiten dugun urteroko zozketarako. Xauli ezagutzera emateko aukera ezin hobea da feria eguna eta arras ongi pasatzen dugu».

«Xauli ezagutzera emateko aukera ezin hobea eskaintzen digu feria egunak eta arras ongi pasatzen dugu»

Margolanaren zozketa
2014ko uholdeen eraginez izandako galerei aurre egiteko hainbat margolarik emandako artelanak zozketatzen hasi ziren: «Tomas Sobrinok, Xavier Landak, Lesagibelek, Jose Maria Apezetxeak, Koldo Sebastianek, Ana Mari Marinek eta  Begoña Durrutyk eskuzabaltasun osoz emandako artelanak zozketatu izan ditugu. Aurten Ana Gonzalezek, Anandak egindako artelanak zozketatuko dugu». Diru-iturri garrantzitsua da zozketa elkartearentzat: «1.200 boleto ateratzen dira, eta urtetik urtera saltzen den kopurua eta ateratzen den dirua aldatzen doa». Horrekin batera, «Xauliko bazkideen kuotak eta erabiltzaileenak eta urtetik urtera aldatzen diren dirulaguntzak (Baztango Udalak, Nafarroako Gobernuak, La Caixak, Cenorrek... emandakoak eta donazioak ere (Jose Mari Imizkoz, Eguzkilore Elkartea) jasotzen ditugu». Diru hori baliatuta elkarteak dituen gastuak ordaintzen dituzte: «erabiltzaileak garraiatzeko taxia, lokala, aktibitateak egiteko materiala, eta urtero egiten dugu asteburuko irteera». Diruz soilik ez, badira Xauli Elkartea laguntzeko bertze moduak: nahi duenak bere denbora librea eskaini dezake monitore bezala puntualki laguntzen, dakien zerbait erakutsiz». 

Xaulikoak irteera batean.

Eskerrak
Eta halakoetan erran ohi den bezala, ongi erranak gogoan hartu eta gaizki erranak barkatu. Tarte hau baliatu nahi izan dute eskerrak emateko: «aldez aurretik barkamena eskatu nahi dugu norbait aipatzea atzendu badugu, 20 urte hauetan aunitz dira bere laguntza eta denbora eskaini digutenak eta esaldi honen bitartez mila esker denei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun