Bertan Egunak eginen dituzte Elizondon abuztuaren 1ean, 8an eta 22an eta dendak eta artisauak karrikara aterako dira egun osoan. Baztango Bertan merkatarien elkarteak, Baztango Balleko Etxearekin batera antolatutako egunetan, egun bakoitzean zenbait ekitaldi eginen dituzte.
Azken urteetako ohiturari eutsiz, Juan Carlos Pikabearen margolanak ikusgai izanen dira abuztuaren 1etik 30era Lesakako Otsango auzoko Irisarri etxean. Egunero zabalik izanen da, 17:30etik 20:30era.
Azken urteetako ohiturari eutsiz, Pilotaren Unibertsoa jaialdia eta patata tortilla lehiaketa izanen dituzte abuztuaren 1ean Urdazubin. Larunbatean 19:00etan hasita, haurren esku pilota, pala, paleta eta zesta punta erakustaldiak eginen dituzte. Ondotik, urteroko patata tortilla txapelketa eginen da: tortillen aurkezpena 19:00etatik 19:30era. Urteroko gisan, 20:30ean epaimahaiak hiru modalitate sarituko ditu: patata tortilla tradizionala, estilo librekoa eta profesionalek egindakoa.
Igantziko Udalak sanmigeletako esku programaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu du aurtengoan ere. Lanak abuztuaren 10era bitarte aurkez daitezke. Marrazkiz edo argazkiz eginak aurkezten ahal dira lanak, 27x19 cm-ko neurriarekin. Derrigorrez, Igantzi. Sanmigelak 2026 testua agertu beharko da.
Usaian bezala, Larrungo Koloreak elkarteko kideek egindako margolanak ikusteko aukera izanen da asteotan, uztailaren 29tik agorrilaren 9ra, 10:30etik 18:00etara Lur Berri gelan.
Tomas Sobrino Habans artista elizondoarrak También el mar erakusketa aurkeztuko du bihar, 19:30ean Arizkunenean, eta bere margolanak ikusgai egonen dira kultur etxeko lehenbiziko solairuan abuztuaren 30era arte.
Uztaila akitu eta abuztua hasi, biak besta giroan eginen dituzte Beintza-Labaiengo herritarrek. Beti bezala, bi egunez Beintzan eta bertze bi egunez Labaienen izanen dituzte ekitaldiak eta ez dute ongi pasatzeko aitzakiarik faltako.