Bertan Egunak eginen dituzte abuztuaren 1ean, 8an eta 22an Elizondoko karriketan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 30a

Hainbat animazio izanen dituzte aurten abuztuko hiru larunbatetan eginen dituzten Bertan Egunetan.

Bertan Egunak eginen dituzte Elizondon abuztuaren 1ean, 8an eta 22an eta dendak eta artisauak karrikara aterako dira egun osoan. Baztango Bertan merkatarien elkarteak, Baztango Balleko Etxearekin batera antolatutako egunetan, egun bakoitzean zenbait ekitaldi eginen dituzte.

Honela, abuztuaren 1ean, larunbatean 10:30etik 13:00etara aurpegi margoketa eginen dute Ahaztuen Plazan (Fantxike) eta 11:00etan lerro dantzak plazan.

Abuztuaren 8an, berriz 11:00etan Mutxikoak eta gaiteroak izanen dituzte Beheitiko ikastolan eta ondotik Elizondon barna ibiliko da.

Abuztuaren 22an, azkenik, Joana eta Olaia bikotearen kontzertua izanen dute Ziga Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun