Baratzezaintzaren jakintza osoa biltzen duen Jakoba Errekondo adituarekin solasaldia eta galderak egiteko aukera izanen dute ekainaren 12an, ostiralean 18:30ean hasita Zubietako estalpean. Zubietako Udalak antolatu du kontsultategia eta basoari, fruta arbolei, loreei edo baratzeei buruzko zalantzak argituko ditu Errekondok.
Baztango Mindeitzek kontzertu ibiltaria eginen du laugarren urtez segidan, eta aurten, Lekarozen txanda izanen da, Thierry Biscaryren zuzendaritzapean. Ekainaren 12an 18:30ean hasiko da kantaldia eta herriko hainbat txokotan ibiliko dira: balkoiak, baratzeak, etxeko gorapeak, lorategiak… kantuak interpretatzeko agertoki ederrak.
Sarako lezeek Hurrup eta xo! aurkeztu dute, zentzumenak eta gastronomia uztartzen dituen gaualdi berezien ziklo berria. Hitzordu berri horrek lezea bertze modu batean deskubritzera gomitatzen du, Euskal Herriko zenbait eskualde zaporeak eta jakitateak ezagutuz. Ekitaldiaren edizio bakoitzak Euskal Herriko eskualde bat izanen du ardatz, haren ekoizleak eta kultura gastronomikoa balioan emanez. Lehen hitzordu honetan Nafarroa izanen da protagonista. Ekainaren 12an, ortziralean, 19:00etan, parte hartzaileek lezea baldintza berezietan deskubrituko dute, behaketa, entzutea eta sentsazioak sustatzen dituen ibilbide baten bidez. Sarrera 20 euro ordaindu beharko da eta gehienez 20 lagunentzat tokia izanen da. Erreserba
Abesbatza eta karrikako giroa uztartzeko asmoz, Doneztebeko hiru txokotan saio laburrak eginen dituzte, eta batetik bertzera kalejira eginen dute.
Larunbat eguerdian eta arratsaldean profesionalen arteko erremonte eta esku pilota partidak izanen dira Eztegaran.