Doneztebeko Mendi Abesbatzak kontzertu ibiltaria eginen du ortzirale honetan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 10a

Abesbatza eta karrikako giroa uztartzeko asmoz, Doneztebeko hiru txokotan saio laburrak eginen dituzte, eta batetik bertzera kalejira eginen dute. 

Mendi Abesbatzaren kontzertu ibiltaria ortzirale honetan, ekainaren 12an, Parrokia karrikatik abiatuko da, 19:30ean. Hiru kanta kantatuko dituzte, eta ondotik, Xarmant ostatuaren gibeleko plazatxoan bertze hainbertze eginen dute. Hirugarren eta azken geldialdia herriko etxearen aitzinean eginen dute.

Iragarri dutenez, «guztietarako doinu alaiak eta biziak» aukeratu dituzte, «kanpoko giroan gustura aditu ahal izateko modukoak». Tartean, «sorpresaren bat» izanen dela ere aitzindu dute, «laster ailegatuko diren bestei keinu eginez». Musikazale guziei kontzertu ibiltarira joateko deia egin die Mendi Abesbatzak. 

Abesbatzak Doneztebeko Udalaren laguntzarekin antolatu du hitzordua. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun