Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak Milagrora bidaia antolatu du ekainaren 15erako. Txartelak erosteko azken eguna ekainaren 11, igandea izanen da. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 30 euro.
Nafarroako Atletismo Federazioko teknikariak bertan direla, zazpi urtetik gorakoentzat atletismoan ibiltzeko hitzordua antolatu dute bihar Leitzako kiroldegian. Saioa 17:00etan hasiko da eta dohainik izanen da.
'Sendabelarrak eta zikloak: menarkiatik menopausiara' izeneko ikastaroa eginen dute Garbiñe Larrea Iturralderen eskutik. Gaian aditu da Larrea eta berriki kaleratu du 'Sendabelarrek dakitena liburua'.
Berako Udalak, Goienerrek eta Elhuyarrek sustatua EBK Energia Berriztagarrien Komunitatea eratzeko lanean ari dira Beran. Hainbat bilera egin dituzte azken asteetan, eta uda aitzinetik azkena eginen dute ortzegunean. Hitzordua 18:00etan izanen da Beralandetan.
Lesakako Osasun Zentroak jakinarazi duenez, edoskitzearen inguruko bortz tailer eginen dituzte martxotik ekainera bitarte. Silvia Martinez Duque Lesakako Osasun Zentroko pediatriako erizainak eta Marilen Telletxea Bertiz erizain komunitarioak eta emaginak zuzenduko dituzte saioak.
Laura Gurbindoren eskutik, sendabelar ikastaroa izanen dute Etxalarko Larraburuan, Etxalarko udalak lagunduta. Bi mailako ikastaroak eskainiko dira (biak 32 ordukoak).